2013(e)ko apirilaren 18(a), osteguna

ARESTIREN ITZAL LUZEA

Aurten Gabriel Arestik 80 urte beteko lituzke
Ezagutu zintudan, nola ez, zure poema ospetsu honengatik: “Nere aitaren etxea, defendituko dut, otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra...”. Eskegita zegoen herriko “gorrien” tabernaren paretan, non garai hartan, 70eko hamarkadaren bukaeran, progre edo subertsibo kutsua zuen guztia biltzen zen. Itzulpena irakurtzean, abertzale sutsu baten aldarrikapentzat hartu nuen, are gehiago Fernando Unsainen ahots erabatekoaz entzun nuenean.
Geroxeago, Oskorriren emanaldi batean zabaldu nuen zerrenda. Umorea, alaitasuna eta bizitzeko grina sumatu nuen baita ere, zure olerkietan oinarritutako abesti horietan. “Guretzat berdin dira, astea eta jaia, lana bihurtzen dugu, kantatzeko gaia” abestu genuen hor bildutakoek, Natxo de Felipek irakasten zigun moduan (edo). Baina ekitaldi horretan gehien heldu zitzaidana, elepea erosiko nuela erabakitzeraino, “Maldizio Betikoa” izenekoa izan zen: “Zuei, Bartzelonako euskaldun, unibertsidade mutilok, egian dioxuet, zuen artetik batek, baldin eta esplotatzen badu, hemendik hamar edo hiru urtera, beraren anaia, obrero edo kondadorea, hori, zuen arteko hori, nire maldiziorik borobilenarekin, hornituko dudala, sikula-sikulorum, mundu honetako, puta semerik semeena bezala”. Errekoino! Euskarak bazituen hitz gordinak botatzeko baliabideak.
Hortik gutxira, fakultateko Literatura tailerrean zure lanaren inguruan, eztabaida galanta sortu zen. “Testu azterketa” egin ondoren, tailerraren arduradunak nahiko ondorio txarrak atera zituen zure idatziez: “Estilo eskasa, eta erlijioak erabat eragindakoa” atera zuen ondorioa. Tailerraren kide batzuek hanka egin zuten, haien haserrea garbi erakutsiz, eta ez ziren itzuli.  
Baina zure figurarekin behin betiko eskegita geratzea “Harrizko Aresti Hau” antzezlana ikusi Harrizko Aresti Hauondoren izan zen. Maskarada taldeak, maitasun osoz egindako lanaren sentikortasunez, zure poliedroaren aurpegiak marraztu zituen: Bilbao menperatu batean poeta izan nahi duen kontadorea; euskara bere kasa ikasten duen langile porrokatua; Blas de Otero eta beste poeta erdaldun eta gorriekin kafea eta miresmena banatzen dituena; Euskaltzaindian euskara batua defendatzen duena, mesprezu eta kritika ozpindu guztien gainetik; 42 urterekin, lan guzti horren fruituak jasotzeko ordua heldu zaionean, hiltzen dena...
Hil zinen, Aresti, 1975. urtean, Franco diktadorea baino hilabete batzuk lehenago. Zuretzat ez zen izan ez Suarez ez Carrillo, ez ikurrina legalik, ez trantsiziorik. Sekula ez zenuen jakingo euskararen gramatika batua euskal semeen irakaskuntzan ardatza izango zela eta zure Bilbao maitatu horretan, zure izena daraman euskaltegiak “Kafe Antzokia” izeneko euskaldun biltoki jendetsua zabalduko zuela.
Baina nolabait ere bazenuen idatzita utzi: Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire aitaren etxeak, iraunen du, zutik.               
      
        

3 iruzkin:

  1. Nik ere, haurra nintzenean, Aresti Oskorriren eskerrak ezagutu nuen. Ez naiz olerkarizaliea. Laxtima. Arestiren "nire aitaren etxea" nork ez du ezagutzen? Euskaldunok gutxi garelako, bestela, Aresti nazioarteko fama izango litzateke.

    Izugarria, Barzelonako euskaldun ikaslearena. Jijijiji.

    ErantzunEzabatu
  2. Ji ji ji horrek esaten dit horietako bat izan ziñela? (Ikaslea bakarrik , jaina) ;-)

    ErantzunEzabatu
  3. Catalanera ikasle izango banintz, behintzat. XD

    ErantzunEzabatu