2013(e)ko ekainaren 24(a), astelehena

SAN JOAN GAUA OROITUZ


urtero bezala, suak ikustean haurtzaroaren mira izaten dut

San Joan jaia berriro gurean. Egunik luzeena. Udaren ataria, neguko madarikazio guztiak erretzeko ordua, berpizteko garaia. Aurten, gainera zaharberritzeko beharra sekula baino nabariagoa dugu, norbaitek udaberri osoa lapurtu digulako.
 “San Juanetan eguzkiak dantzan” dio atsotitzak , eta “San Juanetan euri garoa” ere esaten da.
alabeharrez, urtero bezala, suak ikustean haurtzaroaren mira izaten dut. Nire etxe-aurreko landatxoan, gaur egun egundoko eraikina dagoen lekuan, oso egun kitzikagarriak ziren haiek. Herri osoan zehar mota guztietako erregaiak biltzen genituen, gainerako auzoen metak gainditzeko grinez. Garai hartan argi eta garbi genekien guztiok gure lurraldetasuna non hasten zen eta non bukatzen. Errepide txiki bat gurutzatzea etsaien mundura sartzea izan zitekeen. Askotan errekinak 23a baino lehenago pizten ziren, auzo arteko lehiak zirela eta. Gaiztoak, jakina, beti ziren besteak, hori da gazte-gaztetatik ongi ikasten den zerbait.
Baina santuak eragindako mirariren batengatik edo, jai egunean inori ez zitzaion faltako bere “sanjuanada”. Gureak gainera, beti zeukan bere tontorrean panpina, nire goiko auzokideak trebetasun itzelaz eginda, Marisol izeneko andre ahaztezinak hain zuzen, bere kasa eta inongo agindurik gabe, urtero-urtero bere gain hartzen baitzuen ardura hura. Gauza bera gertatzen zen txokolate beroarekin. Denok genekien zein leihotatik banatuko zen eta zein zen auzoko andre arduraduna, gaztetxoen artean atez ate jasotako diruaz erositako txokolatea egiten zuena. Hor ez zen udal-antolakuntzarik behar ezertarako.
Horrelako miraria ikasturte amaierarekin batera zetorren eta suak amaigabeko oporraldi baten promesa zirudien. Aurretik egun luzeak, astiro-astiro erretzeko, jolastea ardura bakarra.
Egun batetik bestera eraikin erraldoi batek solo osoa bete zuen eta nerabezaroko “San Joan suaren festak” lurralde arrotzetan izan beharko zuen. Ordutik aurrera magiaren oroitzapena izango zen betirako geratuko zitzaigun bakarra.
Ezin ahaztu, urteak pasa ahala, nire soldaduska-kide katalanak negarrez, ezin zutelako joan “La nit de Sant Joan” gauaz gozatzera. Agian herriminak eraginda, haien kontaketa sutsuetan, irudika daitezkeen plazer guztiak nahasten ziren: musika egunsenti arte, suaren inguruko dantzak, lehenengo musuak hondartzan eta nola ez, haien mokadurik preziatuena: “la coca de Sant Joan, és, de totes les coques, la més elegant”, Sisak abesten zuen legez.
Nire gaurko sua, ziur aski, oso inguru eder batean izango da (azken urte hauetan Barrika aldera joaten naiz).  Antolatzaileek, suaren jatorria zein den ezagutarazteko, aktoreen eta akrobaten ikuskizun ederren bat eskainiko digute, eta, jakina, familia eta lagun giroan tarte goxo bat igarotzen saiatuko naiz.
Baina zer esanik ez, beti bezala laburregia egingo zait eta malenkoniak pittin bat jota itzuliko naiz etxera. Berdin dio. Beste esaera zahar batek dioenez: Gaur da San Joan, bihar «joan zan». Bizitza bera bezala.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina