2013(e)ko uztailaren 1(a), astelehena

GURE ABEGI ONA



ordaintzeko autobideen kopurua gurean inon baino gehiago goratu da
Dagoeneko soberan ezaguna denez, Gipuzkoako Foru Aldundiak heldu den urteko urrirako martxan jarri nahi du bidesariak kobratzeko sistema berria. Larraitz Ugarte Gipuzkoako Azpiegitura diputatuak adierazi zuenez : “errepideen mantentzea bermatzeko, Bidegiren zorra estaltzen laguntzeko eta garraio publikoa sustatzeko politikak laguntzeko baliagarri izango da, urtean 38 milioi euro jasotzea espero da”.  Alegia, zure lanarengatik edo beste edozein arrazoirengatik Gipuzkoaratzeko ohitura baduzu, are garestiago suertatuko zaizu.  Hori bai. Jakin behar duzu hori ez dela aitzineko sistema kaxkar baten bidez egingo, ez: “Arkupe sistema bat erabiliko du bidesari berrietan. Ibilgailuek ez dute gelditu beharko, hesirik gabeko arkupeak izango direlako”. Eskertzekoa bada behintzat: poltsikoa arinduko dizute bai, baina zu ez zara ezertaz  konturatuko.                                                                                                                                            Eta nola jar daiteke martxan honelako zerga berri bat, hiritarren matxinada sorrarazi barik? Ba ezin errazago: “Gipuzkoarrei bidesariak ez kobratzeko sistema prestatzen ari da. Legeak horretara behartuta, ordaindu egin beharko dute, baina diputazioa pentsatzen ari da gastu hori berdintzeko zer bestelako neurri har ditzakeen”.                                  
 Jakina, horrelako iragarki batek hautsak harrotu zituen gainontzeko foru aldundietan. Azkeneko adierazpenen arabera, nola ez, konponbidea kanpoaldetik etorriko da. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako ordezkariak bilduko dira uztailaren 7a baino lehen, bidesarietan elkarri beherapenak egitea aztertzeko. Larraitz Ugartek aurreratu duenez, bidesarietako sistema berria martxan jartzearekin ez dituzte gipuzkoarrak kaltetu nahi, baina "ezta euskal herritarrak ere". Ezetz asmatu zeintzuk izango diren kaltetu izan daitezkeenak..., horretaz hitz egiten omen zuen lehendakariak gure betiko “abegi ona” aipatu zuenean.                                                                                    
 Hau ez da, inola ere, zerbait berria gurean. TAO aparkatzeko sistema martxan jarri denetik Bilbon, adibidez, ez da hirian protesta izpirik sumatu. Udal-bulegoan, garabiak kaltetutakoen artean irratirako inkesta bat egiteko parada izan nuen eta hor aurkitu nuena negar egiteko modukoa zen: Bilbotik kanpoko garraiolari txikiak, atez-ateko saltzaileak, hirira bazkaltzera zetozen bikoteak... haserreak eta mehatxuak udal-langileentzat bakarrik ziren. Interesgarria litzateke jakitea zenbaterainoko laguntza izan den hori Bilboko (eta sistema hori ezarri zutenen beste hainbat hiritako) kontuak borobiltzeko orduan.                                                                                                                                     
 “Supersur” hegoaldeko saihesbide ospetsuan ere halako zerbait suma daiteke. Bizkaiko Foru Aldunditik oso azpiegitura arrakastatsua dela esaten zaigu eta “A-8ko trafikoa erabat jaitsi dela” hura zabaldu zenetik. Baina deskuidu batengatik barruan aurkitzen bazara –eta ez da gutxitan gertatzen, horko langile batek azaldu zidanetik– hortik dabilen gidari bakarra zarela ohartuko zara. Ez da zaila kanpoaldetik datozenekin zer gertatuko den asmatzea. Bestalde, “Autopista.es” webgunearen arabera, ordaintzeko autobideen kopurua gure lur maitean inon baino gehiago goratu da, (2.2 puntu), mota honetako bideetan aurtengo trafikoa erabat jaitsi den arren: 1995ekoaren parekoa da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina