2013(e)ko irailaren 29(a), igandea

NICK HORBYREKIN BAZKARIA


Nick Hornby
Irakurle kuttuna: Datozen lerro hauek zuk irakurtzerako,  ezer gutxi faltako zait gehien miresten dudan idazlearekin mahaia eta bazkaria partekatzeko. Egia esan, izkiriatzen ari naiz hitzordua baieztatuta dagoelako, baina neuri ere kosta zait egiatan, diotsuedana sinistea. Eta bitxia da benetan: Nick Hornby-ren azken eleberrian horrelako zerbait gertatzen da baita ere. Juliet, Naked nobelaren protagonista erremediorik ez duen mitomano hutsa da. Aspaldian erretiratuta dagoen Tucker Crow izeneko rock-kantaria du idoloa eta haren ibileraren arrastoa segitzeko behin eta berriz barregarri geratzeko gai da. Gutxien espero duenean eta sekula imajinatuko ez zuen moduan, bere ametsetako artista bat-batean sartzen da haren bizitzan eskema guztiak apurtuz.

Esan dizudanez bihar Nick Hornbyrekin –besteak beste– bazkaltzeko konpromisoa hartua dut. “Bilboko Barrea” nazioarteko astearen antolaketan dabilen emakume adeitsu batek, ia opari, horrelaxe egokitu du inaugurazioko bazkaria. Nire aulkia idazle britainiarraren ondoan izango dut eta ezin ukatu: hori dela eta, arnasa estututa dabilkit.

“Underground Umorea” gaiaz antolatu dira aurten jardunaldiak eta hortik abiatuz Bilboratuko diren partaideen zerrenda sinestezina osatzea lortu dute: Robert Crumb, Ouka Lele,  Javier Mariscal, Kiko Amat, Fernando Trueba, Nazario, Diego Manrique, Pilar Adon, Sabino Mendez, Santiago Segura, Fernando Marías, Pablo Martinez Zarracina, Nick Hornby...  tira, barre egiteko baino, gehiago da aho bete hortz geratzeko!

Euskal “underground”ik izan ote den aztertzeko asmoz urriaren 3an ariko gara Fermin Muguruza, Gari eta hirurok euskaraz solasean. Hala, eta nire Horbyrekiko mirespena tarteko dela, dator biharko topaketa.

Ziur aski ez zait komeni hau horren agerian uztea, baina zer esango dizuet!, Alta fidelidad  irakurri nuenetik, Nick izan da niretzat ezinbesteko erreferentea. Interesatzen zaizkion gaiak maiz niri axola zaizkidanak izaten dira. Berarekin ikasi nuen idazle batek irakurketa “erraza” izan dezakeela, aldi berean sakona eta landua izanez. Fiebre en las gradas liburuak ere, futboletik edo itxura batean azalekoa dirudien gai batetik abiatuz gogoeta mamitsuak sor daitezkeela irakatsi zidan... Jakina, bere argitalpen guztiak ez zaizkit era berean heldu, baina guztietan aurkitu dut atentzioa eman didan zer edo zer. Egia esan, oro har, esker ona zor diot gizon honi...

Eta orain zer. Seguru asko nekez egingo dut lo biharko hizketaldia gogoan dudala, eta nire osatu gabeko ingelesak, gehi nire urduritasunak eta lorik ezak, interesik gabeko mahai-konpainia bihurtuko nau, funtsezko ezer esan ezinik utziz neu. Nire barnean bizi den mamu batek biharko bazkaria bertan bera geratzea desiratzen du, etengabe aitzakiak asmatzen ditu jantokira ez agertzeko eta “underground” ezkutatzea nahi du, baina, aldi berean, saiatzen da esango diona entseatzen eta bere takikardietako Arsenal taldearen aurtengo ibileraz jabetzen. Azken batean, horrenbesteko garrantzia al du miresten duzun egilearen nolakotasunak? Erabateko aldaketa ekarriko al luke bere lanarekiko dudan iritzian? Argitaratua den unetik autorea ez da bere produktuaren jabe eta bere lanaren inguruko gogoetak ez dira hartzaileenak baino pisu handiagokoak... hori da, hain zuzen ere, Nick Hornbyren azken eleberrian ikasi nuena.

To be continued...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina