2014(e)ko maiatzaren 19(a), astelehena

MACONDO SUTAN






Marta Gómez Bilbon


- Zer datorkizu burura Guatemala izena entzutean?
- Maiak... Rigoberta Menchú... gerra luze eta odoltsua... zapalketa... marak... narkotrafikoa...
- Gure artistaren bat ezagutzen?
- Ba egia esan... ez.
- Ikusten? Zuentzat gure aberriak ez dauka artistarik, ez idazlerik, ez musikaririk... historia eta hizkuntza komuna dituzten herrialdeak izateko, bitxia da batak besteari buruz gaur egun zer gutxi dakigun... izan ere, nire aberrian Julio Iglesias da, oraindik ere, hemengo abeslarien artean ezagutzen den gutxietako bat...
Bilboko Alhondigaren kafetegian aditu nuen elkarrizketa hori. Eta ez zitzaion arrazoirik falta Guatemalako gizon betaurrekodun horri. Anglosaxoien artean gertatzen ez dena, gure artean oso ohikoa da. Badirudi herrialde latino batzuetatik hondamenen berri besterik ez dugula eta futbolaz aparte, ezer gutxi jakiten da han, hemengo errealitateaz ere. Gizon betaurrekodun hori oholtza gainean ikusi nuen geroxeago maila aparta erakusten: Carlos Hernandez “El Gordo” (guztiz gomendagarria).
Horrelako elkarrizketak usu izaten ziren EXIB jardunaldien barruan, non ozeano atlantikoaren bi aldeetako musikariak bildu baitziren beren esperientziak partekatzeko.
Aquí Macondo irratsaioa egiten hasi nintzenetik honelako ustekabe atseginak ohikoak izan dira. Gaurko musika-egoera Iberoamerikan oparoa bezain interesgarria bilakatu da, Alondegiaren ekitaldietan frogatzeko aukera izan genuenez. Guztion buruetan dauden izenez aparte, badaude beste zenbait, kalitate onekoak eta orijinalak, eta nekez lortzen dute gure belarrietaraino heltzea. Zer edo zer aipatzeagatik: Argentinatik Tonolec bikotea, Hierbacana hirukotea eta Silvia Iriondo (Kukai Dantza, Oreka Tx eta Kalakarekin batera izugarrizko hasiera-emanaldia eskaini zuena), Venezuelatik Jose Alejandro Delgado, Panamatik “Cienfue” bakarlaria, Kubatik Eme Alfonso eta Txiletik Paula Herrera. Sinestezina da, baita ere, zein ondo moldatu ziren Mexikoko Monoblanco repentistak eta bertako bertsolariak, Igor Elorza eta Miren Amuriza. 
Hurbilago ditugun artisten artean ere, Amparo Sánchez-ek, Carmen París-ek eta Xabi Aburruzaga-k, Portugaleteko trikitilariak, egundoko emanaldia egin zuten.
Dena den, aipamen berezirik egitekotan, Marta Gómez, Kolonbiako abeslari eta musikagilearena egingo nuke. Cancioneros.com izeneko web orrialde ospetsuan “XXI. mendeko Violeta Parra” izendatu dute eta bere zuzeneko batez gozatzea aski da, aho bete hortz bertan geratzeko.
Martak kontatu zigunez: “New Yorken bizitzea oso esperientzia kilikagarria da eta edonori gomendatuko nioke, baina oso gogorra ere bada. Han konturatzen zara zure egiazko maila zein den. Metroan aritzen den musikariren bat zu baino askoz trebeagoa izan daitekeelako. Bestalde iparramerikarrentzat denbora dirua da eta eguneroko bizitzan gehienek haserre dirudite. Nire herrialdean aldiz, denok dakigunez, jendeak ikaragarri sufritu du, baina beti dauka irribarre bat ezpainetan, besteon bizitza leuntzearren”.
Martak, orain Bartzelonan bizi denak, irribarre ederra eskaintzen dizu elkarrizketan, eta, irribarrea den doinuz, sendo ari da taula gainean, kontakizun hunkigarriak esaten ahots eder bezain landu baten bidez. Horrelako ekitaldiak gozatzean, batek ezin du ulertu zergatik ez duten, merezi duten tartea gure hedabideetan. 
   
        
       

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina