2014(e)ko irailaren 21(a), igandea

SUITZA ABERRI MAITEA



Orain utopiak, izatekotan, helmen txikikoak dira. Suitza omen da helmuga


 Hara non diren mendiak, elurrak, birziklatzeko hamaika zakarrontzi, erlojugileak, esneki gozoak, txokolate finak, banketxe opakuak.
Suitza. “Europan” izan gabe, Europa erdian dagoen herrialde bitxia. Ez da inori traba egiteko bezain handia, ezta mespretxatua izateko bezain txikia ere. Haren auzokide guztiak dira ospetsuak: Austria, Alemania, Italia eta Frantzia. Mundu osoko fortunak gordetzen ditu hamaika giltzaren pean, inongo epaileren galderarik onartu gabe. Haren hogeita sei kantoien artean ez da subiranotasunaren aldeko mugimendu izpirik sumatzen.
Beste batzuk Europan sartzeagatik edozer jateko prest leudeke, baina Suitzari ez zaio halakorik burutik pasa. Zertarako?
Eta hau guztia gutxi izango balitz, Suitzak ez du herrialde karka baten itxura eman nahi. Ez. Suitza ez da Liechtenstein edo Monako edo Kaiman Uharteak. Haraino joan zen Jordi Évole, gure kazetaririk “cool”-ena hango “zuzeneko demokrazia” nola dabilen munduari erakusteko. Erreferendumak astero, loreak balkoian erakutsi behar diren ala ez erabakitzeko, edota igerilekuetako ur-tenperatura bi gradu jaisteko. Norbaitek hizkuntzen arteko harmoniaz edo kultura ezberdinen arteko elkarbizitzaz hitz egin nahi izanez gero,  ez du urrutirago begiratu beharrik. Hala ere, iaz, eskuinak bultzaturik, Europar Batasuneko langileen sarrerak murriztu ziren. Langabeziak ehuneko hirua gainditu du eta horrekin ez da jolasten. Jaungoikoak anai-arrebak egin gintuen, ez lehengusu-lehengusinak.
Baina ateak zabal-zabalik daude A klaseko milaka turistentzat, eta, “Dignitas” bezalako enpresetan beren buruaz beste egin nahi dutenentzat. Sei mila euro balio du lagundutako suizidio bakoitzak kanpotarrentzat, hiru aldiz gutxiago bertokoentzat.
“Suiza Patria Querida/ Suiza de mis amores/ Yo tengo una cuenta en Suiza/ Con muchísimos millones” abesten zuten zenbait kantautorek Forgesound izeneko disko mitikoan. Hor zeuden, besteak beste, Luis Eduardo Aute, Rosa eta Julia Leon eta  Teddy Bautista (agian ideiak hartzen), aldi hartan denak Alderdi Komunistarekin harreman estua zutenak.
Eta bai. Nazioarteko utopiak aldera utzita, Suitza litzateke “patria querida” baten eredua. Zeinek ez du nahi mendi artean bizi, erlojugintzan edo txokolategintzan aritu, 1291. urtean jaio zen aberriaren eguna urtero-urtero ospatu, gerra guztiei muzin egin eta egunkarietan berri txarrak beti besteenak direla ohartarazi? Hori bai, aldiro-aldiro paradisuko herrixka batean dozenaka gorpu agertzen dira errituren baten ondorioz.
Zeinek ez du nahi, gehien birziklatzen den herrialdean bizi? Papera, ontziak, organikoak, beira, eta batez ere, legez kanpo lortutako dirua. “Zure iruzurra, nire aurrerapena” izan liteke herrialde honen goiburua.
Ahaztuak geratu omen dira mundu mailako utopiak. Aurrerakoien ereduak ez daude jada gizateria osorako egitasmoetan. “Internazionalak” aldarrikatzen dituen “lurrean kondenatuak” eta “langile tristeak”, gogorik gabe abesten den ereserkian bakarrik aipatzen dira, zenbait alderdiren batzar nagusien bukaeran, haga erdira jaitsitako ukabilen artean.
 Orain utopiak, izatekotan, helmen txikikoak dira. Suitza omen da helmuga. Baina dena ez da hain perfektua Helvetiako Konfederazioan. Suitzak ez du itsasorik. Que se jodan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina