2015(e)ko martxoaren 29(a), igandea

JOAN GINEN


Joan Baez .Bilbo 2015-03-17

Joan Baez. Sasoi oneko emakumea, hirurogeita hamalau urte. Folkaren eta aldarrikapen-kantaren mito bizia. Bob Dylanen neska-lagun ohia. 1969. urtean, Woodstock jaialdi historikoan politikaz hitz egin zuen bakarra (senarra kartzelan zeukan, Vietnameko gudara joateari uko egin ziolako), ahots gardena eta nahastezina, hamaika aldiz imitatua, anglosaxoi eta latinoen  arteko zubia, inoiz euskaraz abestu duen artistarik ospetsuena. Berriki Bilbon ikusteko aukera izan dugu.
Euskalduna Jauregiaren Areto Nagusiak egun handietako betekada zuen, sarrerak -hirurogei eurotan- aspalditik agortuak zeudelarik. Hamar minutuko atzerapena. Hasi bezain pronto, nolabaiteko desengainua: “Aldez aurretik barkamena eskatu beharko. Eztarria ez daukat oso santua eta gaurko emanaldian pixka bat apalago, baxuxeago abestu beharko dut. Eskerrik Asko” . Ondorengo txaloaldian etsipenaren arrastoa nabaria zen. Ez gaitezen engaina. Joan Baez xaramelarik gabe entzutea: berakatzik gabeko berakatz-zopa. Saio osoan zehar bere ahalegina eskertzekoa bazen ere, horrenbestetan entzun ditugun kantu horiek ez zitzaizkigun behar den moduan heltzen. Nahi eta nahi ez, inpotentzia kutsu batez heltzen zitzaigun dena, bereziki ahotsak aparteko garrantzia duen kantu horietan. Bestalde, ez da gauza bera gustura dagoen musikari bat ikustea edo  gorriak eta bi pasatzen ari dena ikustea. Irakurritako kritika batzuetan artistaren profesionaltasuna azpimarratu dute. Ulertzekoa da, jakina, baina egia esan, honelako kasuetan batek ez daki zehatz-mehatz non dagoen marra gorria. “No se apuren, soy un profesional de los pies a la cabeza” esan zigun pare bat egun lehenago Ray Fernadez kubatarrak, emanaldi erdian patxaran trago eder bat gure aurrean hartu baino lehenago. Inori ez zitzaion inporta, guztiz kontrakoa. Artista bakoitza bere mitoaren jabea da eta eskaerak ez dira berdinak.
Baezen ikuskizuna, bestalde, une bitxiz beteta egon zen. Espero genuen bezala “Txoria Txori” abestia sartu zuen  zerrendan, “gustatuko litzaidake txantxaren bat euskaraz esatea, baina ez zait posible, barkatu” esan zuen ingelesez, aurkezpen modura. Kantu honetan eta beste hainbatetan Grace Stumberg izeneko neska gazte baten laguntza izan zuen, bai ahotsetan, bai azpiegitura txikietan (gitarra aldaketak, te kikara prestatzea) eta hiru musikari treberen babesa, bere semea, Gabriel Harris perkusionista barne,  sabelean zuena Woodstock-eko irudi ahaztezin horietan.
Ikusleen batez besteko adina, aurreikusteko modukoa zenez, oso handia zen. “Here’s To you”, “Imagine”, “La Llorona” edota “House Of The Rising Sun” tankerako doinuekin  bat egiteko modukoa  eta “No nos moverán” txaloz lagundurik segitzeko egokia, nahiz, testuinguru horretan, nahiko enigmatiko suertatzen zen: nondik “ez gintuzten mugituko”?, klase ertaineko harrotasuna?, erretiro duina denontzat?...
Neska gazte talde batek “El Preso número Nueve”eskatzeari ekin zion temati ordu eta erdi iraun zuen emanaldi osoan zehar eta azkenean lortu zuen, gaueko unerik “ez zuzen”ena sorraraziz: “Los maté sí señor/ Y si vuelvo a nacer/ Yo los vuelvo a matar.”  
Joan ginen, bai, Baez ikustera. Mitomanoak garelako, gogoko dugulako, horrelako trenak agian ez direlako berriz pasatuko, gure bizitzaren erreferentziaz beteta dagoelako, hunkitzea gustuko dugulako. Agian ez genuen, espero genuen guztia jaso, baina merezi zuen. Here’s to you!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina