2015(e)ko maiatzaren 17(a), igandea

HODEIAK



Aitor Mazo
Hileta-elizkizunak Ataunen. Horrelakoek tristeak izateko ohitura badute, gaurkoari buruz zer esan. Hogeita bat urteko neska, Mexikon gertatutako autobus istripu batean, lagun-lankide baten alaba… Eliza barruan ez dago guztientzako lekurik.  Kanpoan geratzen garenak beste eliza pare bat betetzeko adina gara. Meza bukatu ondorengoak ezin du hunkigarriago izan: hildako neskaren erretratu aurrean adiskideen aurreskua, bertsolari gazte baten eskaintza, ahizparen agiriaren irakurketa dardartia, bere alboan neska zenduaren mutil-lagunak hautsak dituen kutxa esku artean duelarik…                                                                                                                                          Elizkari guztietan, bihotzeko zerrendan ditugun gainerako hildakoak agertzen zaizkigu. Aste honetan, gainera, ezin ahaztu Aitor Mazoren bat-bateko desagerpena. Aitorrengandik oso hurbil sentitu naiz beti. Laurogeiko hamarkadaren hasieran Euskal Telebistako lehiaketa batean ezagutu genuen elkar eta handik ona, noizean behin berarekin topo egitea beti izan da niretzat atsegintsu. Alex Angulo eta beste horrenbeste aktoreren kasuetan bezala, beti ikusi dugu Aitor patuaren kontrako lehia etengabean. Gaur goian, bere gustuko pelikula batean pertsonaia itzela eskaini diotelako, eta bihar behean, telebistarako landu duen egitasmoa ezeztatu dutelako. Behin elkarrizketa luzea egin nion, Hodeiak pintatzeko makina estreinatu zuenean. Hark eta Patxo Telleriak batera zuzendutako pelikulan agertzen diren pasadizo asko autobiografikoak dira. Bera joaten zen Portugaletera txikitan bere aitarekin margolaritza lehiaketatara eta nolabait, berak bizitza osoa igaro zuen “Hodeiak pintatzeko makina” martxan ipintzen guztion gozamenerako. Zenbait raccord akats aldera utzita (tematu ginen Bizkaiko Labe Garaiak ez zirelako ikusten behar zuten lekuan, faktoria berria baino) izugarri gustatu zitzaidan filma. Horrenbestetan bezala, banaketa arazoek ezkutuan utzi zuten aurrekontu txikiko lan duin bat.  Tipo kementsu bezain atsegina Aitor, aztarna sakona uzten dutenetarikoa.                                                                                                                                          Ataunetik bueltan, kotxean goazenak nekez ahal dugu hitz egin. Larunbaterako plan ezberdinak ditugu. Nirea Kevin Johansen musikari argentinarraren kontzertura joatea, EXIB jaialdiaren amaierako festa da. Gustura hartuko nuen etxerako bidea “telemovie” arinen bat estalkiz ondo bildua ikusteko. Baina hitzorduak hitzordu. Ahal dudan jarrerarik positiboenaz jantzita lagunekin sartzen naiz egun handietako Kafe Antzoki batean.                                                                           Pentsatu bezala, argentinarrek eta Latinoamerikako beste hainbat herrialdetako etorkinek ez dute deia huts egin. Horrelakoetan eskarmentuak esaten didanez giro beroa bezain jatorra bermaturik dago. Johansenek ez du bestelako ahaleginik egin behar hor bildutakoak poltsikoan sartzeko. Lehenengo estrofatik azkenekora arte, artistak oso osoko abesbatza dauka bere aurrean. Neska ugariz osatutako jendetzaren aurpegietan nabariak dira atsegina, alaitasuna, kilika, disfrutatzeko grina. Bizitza ederra da, omen. Kevin Johansenen alboan, bere estudioan egongo bailitzan, Liniers, Argentinako marrazkilaria, kantuei irudiak eta koloreak ipintzen (pantaila erraldoian ikus daitekeenez). Horien arteko txantxak eta azalpenak ere, gatza eta piperra, apartak dira ikuskizunerako. Liniers-ek paperezko hegazkinak egiten ditu marrazkiekin jendetzari botatzeko.   Nire ondoan dagoen neskak bat harrapatu du eta bere bularraren kontra estutu du, emozioz beterik.  Hodeiak pintatzeko makina, indarrean eten.






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina