2017(e)ko otsailakren 1(a), asteazkena

GIZARTE AUTISTA

"Auritz" ekimenaren bultzatzaileak
Egoitzak, printzipioz, ez du ematen prentsaurrekoak egiteko egokiena denik. Zabala bada ere, nahiko ilun eta goibel dirudi “plumillak” hartzeko. Hori bai, erabat itxura modernoa dauka, sabaitik behera erakusten dituen argi gorrizko hari horiekin. Pareta horiek hitz egingo balute... Zabaldu berri den diskoteka horrek bere garaian “Aranzazu” izena zuen eta lehenago “Pumanieska” mitikoa ere izan zen. Bere eszenatokian “Daikiris” izeneko banda aritu zen luzaroan, Estitxu abeslari goxoa kantari zuena. Zenbat amodio-kontu, zenbat dantza-eskaera, zenbat bikote sortuko ziren doinu horien artean pasatako hamarkadetan.
Gaurko honetan “Auritz, Laino Eder Hori” ekimena aurkezteko prest dago. Literatura, musika eta bideoa uztartzen dituen proiektua da hau. Niri egokitu zait aurkezle izatea. Bideoa ikusi besterik ez nuen behar izan, baietza emateko. Mikel Bizar, Idi Bihotz taldean abeslari izanak eta egitasmoaren bultzatzaileak, gogo biziz azaldu zidan taberna batean, orain dela aste pare bat:
“Ni autismoaren esparruan aspaldian nabil lanean eta horren inguruan gizartean zenbat aurreiritzi dauden konturatu nintzen. Jende askok ‘autista’ hitza entzutean inolako gaitasunik ez duen pertsona bat imajinatzen du eta hori ez da beti horrela gertatzen. Izan ere kasu askotan ez nintzateke desgaitasunaz mintzatuko, gaitasun ezberdinak dituzten gizakiez baizik”.
Oinarri honen haritik, Mikelek metal-talde bat antolatu zuen, arlo horretan diharduten musikari bikainekin osatuta. Hilabetetan jo eta ke lanean ibili ondoren, aste honetan ezagutzera eman dute ekimena, orain Moma izena duen diskotekan.
Bilboko Heavy Metal munduan mugitzen diren musikari ugari kazetariekin eta AEN (Autismo Espektroko Nahasmena) dutenen gurasoekin nahastu dira diskotekako pistan banatutako aulkietan. Oholtza gainean, nirekin batera, musikariak, Izaskun Forkada dantzaria, hamar urteko Ugaitz izeneko mutikoa eta haren ama Monika.
Historia osoari izena ematen dion abestiaren bideoklipa ikusi dugu. Heavy kulturan horren gustuko duten irudi oniriko eta epikoz josita dago. Lan aparta TAOM estudioetan egokitu dutena, zeinean eszena ugari Nafarroako Auritz herrian grabatuak dauden. Mikelen hitzetan: “Maren ama eta Auritz semearen istorioa kontatzen du. Auritzek zazpi urte zituela AEN diagnostikatu zioten. Marenen oroitzapenetik sortzen da dena. Alzheimer gaitzarekin dago egoitza batean eta bere bizitzako hogei urte gogoratzea lortzen du. Urte horietan Auritz semearekin batera arrosa beltzaren bilaketa luze eta zailaren ibilerak berreskuratzen ditu”.
Ezinbestean, Ugaitz mutikoa aurkezpenaren protagonista bihurtzen da. Bere erantzunak ez dira luzeak, baina ez du urduritasun izpirik sumatzen. Igartzen zaio pozik dagoela lortutako ospearekin eta bere adineko edozein mutilek bezala ez ditu ironiak ulertzen. “Zelan konpondu zinen rockero maltzur horiekin?” -galdetzen du batek, irribarretsu- “oso jatorrak dira” erantzuten du berak normaltasun osoz.
Diskotekatik irtetean, kaleak argizko zaplazteko batekin hartzen nau. Negu Gorriak ekarritako berokiak eta bufandak nonahi. Ohiko “automatekin” bat egiten dut,  bakoitza bere munduan, bakoitza bere bidetik. Denak autista selektiboak izango ez ote garen galdetzen diot nire zorabiatutako buruari. 



                         

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat