2019(e)ko urriakren 25(a), ostirala

SOUL MIRARIA




Aretoa lepo beteta zegoen. Bildutakoen artean, oso dotore jantziak, hiritar britainiar ugari ikus zitekeen, horietako asko bikoteka. Bertan antolatzen diren beste kontzertuetan ez bezala, nahiko publiko heldua zen larunbat horretan han bertaratua.
Swamp Dogg, 77 urteko estatubatuar “soulman” mitikoa, eta Joe Bataan, hirurogeita hamarreko hamarkadan New Yorkeko Harlem auzoan sortutako “latin soul” estiloaren figura aparta, gaueko izarrak izan ziren.
Deskribapena ez da herrialde urrun batean gertatutako zerbaitena. “Soul 4Real” izeneko jaialdiaren inguruan gertatu zen, Bilboko Kafe Antzokian, eta hogeita seigarren edizioa izan da hura. Jaialdiaz aparte, antolatzaileek “weekender” izeneko ekimenarekin lotzen dute kontzertua. Hori dela eta urtero, Britainia Handitik dozenaka zaletu datoz, ekitaldia eta hotela batzen dituen eskaintza bati esker.
Jendetzaren artean, urduri samar, baina poz-pozik, ekimen honen buruetako batekin egin nuen topo: Alex Subinas-ekin alegia. Alex irratian ezagutu nuen, orain dela sei bat urte, jaialdiak hogeigarren edizioa betetzen zuenean. Orduan, zeozer berezia egin nahian, Prince Phillip Mitchel ekarri zuten Louisvilletik Bilbora. Garai hartan Phillip, soul munduan izen handia zuena, hogeita hiru urte ezer grabatu barik zegoen, bere herrialdeko diskoetxeek harekin izandako portaera txarrarengatik, oso haserre omen zegoelako. Bilboko fan hauek soul kantaria konbentzitu zuten Urdulizko Tio Pete estudioetan single bat grabatzeko, hemengo teknikari eta musikariekin, eta emaitza denon gustukoa suertatu zen. Ordutik hona lau disko grabatu dituzte eta Alexek komentatu zidanez ez dute inolako problemarik izaten munduan zehar, interneten bidez,  biniloak banatzeko.
Ez dakit jainkorik dagoen, baina batzuetan, mirariak bai, bai horixe. Joan den eguneko kontzertu horrek ez du beste izendapenik merezi. Lehen mailako bi soul-izar etxe ondoan ikusteko aukera, hemezortzi kideko banda ikaragarri batek lagundurik, ez da egunero gertatzen den zerbait, hain zuzen ere. Hori bai, ekimen honek badu arrisku ukaezin bat; batzuetan, zenbait gonbidaturi, adina nabaritzen zaie.
Swamp Dogg sasoian zegoen ahotsari dagokionez, baina nekea nabaritzen zitzaion azken abestietan. Bere adin bereko Joe Bataan, aldiz, bazirudien deabruarekin paktu bat egin ondoren agertzen zitzaigula. Harexek esan zuenez, bi bihotzeko eta minbizi bat gainditu ditu, urteetan espetxeraturik egon zen, “gangster” talde batean ibili ondoren. Hala ere, aspaldian ikusi dudan ikuskizunik erakargarriena, bitaminikoena eta atseginena izan zen joan den larunbatekoa. “We don’t need the music, we need the rhythm  oihukatzen zuten, eta bai, gure gorputz herdoilduak infernuko erritmo horrekin batera  joan ziren askatzen, gure bizitzako azkenengo jaia izango bailitzan lehertu arte. “My father was afro-american, my mother from Philippines, but my heart is latino!” aldarrikatu zuen, baita ere. Ateratzean denak ziren alaitasun aurpegiak. Oso ondo ordainduta zeuden 30 euro horiek.
Nazioarteko mailan ezaguna den ekimen aparta hau Bilbon antolatzen da, eta, hala ere, ez da merezi duen neurrian ezaguna gure artean. Batzuentzat ezinbestekoa izango da Tourra edo Espainiako Vuelta hemendik pasatzea. Niri dagokidanez, mesedez, faborez, arren, “Soul 4 Real” ekimenak bizirik jarrai dezala. Besterik ez dut eskatzen. Momentuz behintzat.

        

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat