Eskorbuto Taldea |
Aldiro norbaitek “Eskorbutoren” izenagatik galdetzen dit.
Bitxia bada ere, ia txiripaz sortu zen zerbaitek ezin imajina nezakeen ospea
lortu du. Taberna batean geunden potrojorran, beste horrenbestetan bezala.
Garagardo eta ke arteko barrealdien artean punk talde berri batentzat izen bila
hasi ginen. Astakeria zerrenda luze bezain txoroa errepasatu ondoren,
gaixotasunekin hasi ginen... Gonorrea..., Faringitis..., Piorrea ... Orduan “Eskorbuto
esaterakoan badirudi gonbito egiten dugula” bururatu zitzaidan komentatzea “begiratu:
Eskor-Buto... Eskor-Buto”.
Hurrengo egunean Jualma, taldeko baxu-jotzailea, azaldu
zen esanez ametsetan agertu izan zitzaiola nire aurpegia botaka egiteko plantak
eginez ditxosozko deituraren kontura eta argi zeukala erabakia: “Eskorbuto
izango gara”. Geroago etorriko ziren azalpenak, marinelen ohiko gaixotasuna
zela eta abar, baina egia esan, gutariko inork ez zekien horrelakorik
“bataioaren” egunean.
Urteetan zehar hainbat arlotan izan ditudan zereginak
direla medio, askotan zer edo zeri izena jartzeko beharrean gertatu naiz. Aipatutako
izena zabalduena suertatu da, nahiz bere sorrera, lagun arteko denbora-pasa
inozoa besterik ez izan. Beste batzuetan, telebista edota irrati-saioen izenak
asmatzen ibili naiz. Bitxia bada ere, halako “brainstormingak”, askoz luzeagoak
eta metodologia profesionalez jorratuak izanagatik, ez dira izenburu ona asmatzeko
bermea.
Izena jartzeari ez zaio askotan merezi duen garrantzia
ematen. Bai enpresari, bai pelikulari, bai seme-alabari izena jartzerakoan,
argi azaltzen dugu zeintzuk diren gure asmoak.
Batzuetan, egia da, izena mamia baino ederragoa izan
daiteke, eta alderantziz, kalitate oneko eduki batzuek ez dute, merezi duten
aurkezpena. Honetan ere, zalantza barik, modak dira nagusi. Luzaroan ikusi dugu
nola nahasten zen “euskal” osagarria erdaraz izendutako produktu askorekin:
Euskal Piel, Euskal Motor, Euskal Encounter... bertakotasunaz hornitzeko
asmoz.
Bilbon 70eko hamarkadan “Feria de Muestras” geneukan,
80koan “Erakustazoka” eta orain “Bilbao Exhibition Centre”. Ingelesez
izendatzeko joera beste esparru askotara zabaldu da: “Basque Culinari Center”, “Think Gaur Euskadi”, “I’m Basque”... nazioarteko kutsua
emateko asmoz, bai, baina azken finean nolabaiteko gutxi-ustea erakutsiz, Paco
Ibañez-ek amorru bizian berriki salatzen zuenez. Baina honelako izenek badute
alde onik: politikarien aurpegiak ikustea, izen horiek ahoskatzen ahalegintzen
direnean: ez da diruz ordaintzen, benetan.
“Moderno” irudia
erakusteko ingelesa erabiltzea ez da,
ordea, berria. 60ko hamarkadan herri guztiak “Young’s” “Garden’s” edo “Country’s”
tankerako diskoteka izenez bete ziren.
Musika esparruan
izenak badira taldeak baino ospetsuagoak izan direnak. Inork gutxik daki nolako
musika egiten duten, baina denok entzun dugu noizbait “Tarzan y su puta madre
okupan piso en Alcobendas” taldearen izena. Ildo honetakoa da Bartzelonako “Se
Atormenta Una Vecina” taldeko abeslariak irratian kontatzen ziguna: “Zoritxarrez
gure izenaz hitz egiteko, kontratatzeko baino askoz gehiago hots egiten
digute”. Egia da, izena konbentzioa besterik ez da, eta izana da benetan axola
beharko ligukeena, baina “markak” horren garrantzizkoak bihurtu diren mundu
zoro honetan “ez du izenak egiten izana”, baina “izanaren itzala, izena” izaten da maiz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina