2015(e)ko azaroaren 29(a), igandea

OSKORRI GOIBELA



Oskorri taldea bere azken emanaldian


Oskorri taldeak Bilboko Arriaga Antzokian bere hamabosgarren urteurrena ospatzen zuen bitartean, 1986. urtean, kanpoaldean, ibai ertzeko burdinazko barretan, egun nire emaztea denak eta biok elkarri eman genion musu lehenengoz.
Hamar urte lehenago, Santurtziko institutura eraman genuen taldea, gure Euskal Kultur Taldeak antolaturiko lehenengo ekitaldiari ospea emateko. Hirukote gisa etorri ziren orduan -horietako bat neska biolinista-  eta bukatzean argitaratu berria zuten lehenengo singlea sinatu zidaten: “Aita Semeak”. Abesti honen estrofa bat nire logelako paretan nagusitu zen luzaroan: “Baina gaztea naiz eta daukat/ Etorkizuna eskutan/ Ez zaigu hilgo Euskal Herria/ Ni bizi naizen artean”.
Ia urte beteren buruan Santurtziko parkean berriro ikusi nituen. Ekitaldiaren erdian, mozorrotu talde batek ikurrina atera zuen eta konturatu ginenerako hor zeuden Guardia Zibilaren autoak, ziztu bizian ihesaldi orokorra sortuz. Gaur egun barregarria eman dezakeen arren, egun hartan, errezitaldia hasi baino lehenago “Oskorri Espainolistak” leloa idatzita zuten panfletoak agertu ziren inguruan, garai hartako   politika munduan geneukan kaka-nahastearen seinale.
Patuak bazuen haiekin topo egiteko aukera gehiago prest niretzat. Asko izan ez baziren ere, Zarama taldean abesten nuen garaian zenbait ekitalditan elkarbanatu genituen kartelak, batez ere Iparraldean. Geroago, Euskal Telebistako ikuskizunen taldean nengoela, Gabon gaueko galan aritzea egokitu zitzaidan. Urteetan, Natxo De Felipe-rekin berarekin konpontzen nintzen gonbidatuen zerrenda osatzeko.
Gero kantuak daude. Besteak beste, “Guretzat”ek unibertsitatera narama, “Itsasotik Ilargira”k soldaduskara, “Gaztelugatxe”k Otxandioko barnetegira eta “Katuen Testamentua”k aitatasun berriaren emozio eta estualdietan bertan kokatzen nau.
“Oskorri eta biok” izan litekeen pelikula honi bukaera emateko, joan den igandean, irratian, despedidearen berri ematera bidali ninduten. Barnean zerbaitek hala izango zela esaten zidan.
Musikarien zaindaria den Santa Zeziliaren eguna ospatzen zen, eta bi egun lehenago  Francoren heriotzaren berrogeigarren urteurrena ere bai. Goizeko saioan ikusi nituen, eskuinaldeko eszenaurrean, esandako oroitzapen hauek guztiak nire aurretik pasatzen ziren bitartean. Denetarako aukera izan zen azken agurraren emanaldi hartan: txaloekin erritmoak jarraitzeko, jendetzarekin abesteko, kalejira sortzeko, eta baita ere, nola ez, hunkitzeko. Zenbait musuzapi ikusi ziren “Aita Gurea” eta “Ez Zaitez Joan Oraindik” tankerako kantuak entzuten zirenean.
Oskorrirekin batera gauza asko joaten zaizkigu, bai, baina betiko geratuko dira merezi duten doinuak eta haiekin bizi izandako uneak.
Topa Dagigun” ba -Kataluniako cavaz, haiek proposatu zuten bezala- etorkizunaren alde. Herri-jakinduriak dioenez, oskorri goibela denean ekaitza dator eta.

2 iruzkin:

  1. Ba bai, hori dirudi. Baina heldu artean, zera proposatzen dut: "Topa Dagigun" orainaren alde, gaurko egunaren alde, minutu honen alde, oraindik geratzen zaizkigun egun eguzkitsuen alde; osasuna, janaria, eta etxe bat daukagunok, hori aprobetxatzea proposatzen dut, ekaitz bortitzena heldu arte..

    ErantzunEzabatu
  2. Adoz Antxon. Eta bide batez etorkizun zoriontsu baten alde ere bai ;-)

    ErantzunEzabatu