Oskorri taldea bere azken emanaldian |
Oskorri taldeak Bilboko Arriaga Antzokian bere hamabosgarren
urteurrena ospatzen zuen bitartean, 1986. urtean, kanpoaldean, ibai ertzeko burdinazko
barretan, egun nire emaztea denak eta biok elkarri eman genion musu lehenengoz.
Hamar urte lehenago, Santurtziko institutura eraman
genuen taldea, gure Euskal Kultur Taldeak antolaturiko lehenengo ekitaldiari
ospea emateko. Hirukote gisa etorri ziren orduan -horietako bat neska
biolinista- eta bukatzean argitaratu
berria zuten lehenengo singlea sinatu zidaten: “Aita Semeak”. Abesti honen
estrofa bat nire logelako paretan nagusitu zen luzaroan: “Baina gaztea naiz eta
daukat/ Etorkizuna eskutan/ Ez zaigu hilgo Euskal Herria/ Ni bizi naizen
artean”.
Ia urte beteren buruan Santurtziko parkean berriro ikusi
nituen. Ekitaldiaren erdian, mozorrotu talde batek ikurrina atera zuen eta
konturatu ginenerako hor zeuden Guardia Zibilaren autoak, ziztu bizian ihesaldi
orokorra sortuz. Gaur egun barregarria eman dezakeen arren, egun hartan,
errezitaldia hasi baino lehenago “Oskorri Espainolistak” leloa idatzita zuten
panfletoak agertu ziren inguruan, garai hartako politika munduan geneukan kaka-nahastearen seinale.
Patuak bazuen haiekin topo egiteko aukera gehiago prest niretzat.
Asko izan ez baziren ere, Zarama taldean abesten nuen garaian zenbait ekitalditan
elkarbanatu genituen kartelak, batez ere Iparraldean. Geroago, Euskal
Telebistako ikuskizunen taldean nengoela, Gabon gaueko galan aritzea egokitu
zitzaidan. Urteetan, Natxo De Felipe-rekin berarekin konpontzen nintzen
gonbidatuen zerrenda osatzeko.
Gero kantuak daude. Besteak beste, “Guretzat”ek
unibertsitatera narama, “Itsasotik Ilargira”k soldaduskara, “Gaztelugatxe”k
Otxandioko barnetegira eta “Katuen Testamentua”k aitatasun berriaren emozio eta
estualdietan bertan kokatzen nau.
“Oskorri eta biok” izan litekeen pelikula honi bukaera
emateko, joan den igandean, irratian, despedidearen berri ematera bidali
ninduten. Barnean zerbaitek hala izango zela esaten zidan.
Musikarien zaindaria den Santa Zeziliaren eguna ospatzen
zen, eta bi egun lehenago Francoren
heriotzaren berrogeigarren urteurrena ere bai. Goizeko saioan ikusi nituen,
eskuinaldeko eszenaurrean, esandako oroitzapen hauek guztiak nire aurretik
pasatzen ziren bitartean. Denetarako aukera izan zen azken agurraren emanaldi
hartan: txaloekin erritmoak jarraitzeko, jendetzarekin abesteko, kalejira
sortzeko, eta baita ere, nola ez, hunkitzeko. Zenbait musuzapi ikusi ziren
“Aita Gurea” eta “Ez Zaitez Joan Oraindik” tankerako kantuak entzuten zirenean.
Oskorrirekin batera gauza asko joaten zaizkigu, bai,
baina betiko geratuko dira merezi duten doinuak eta haiekin bizi izandako
uneak.
“Topa Dagigun” ba -Kataluniako cavaz, haiek proposatu
zuten bezala- etorkizunaren alde. Herri-jakinduriak dioenez, oskorri goibela
denean ekaitza dator eta.
Ba bai, hori dirudi. Baina heldu artean, zera proposatzen dut: "Topa Dagigun" orainaren alde, gaurko egunaren alde, minutu honen alde, oraindik geratzen zaizkigun egun eguzkitsuen alde; osasuna, janaria, eta etxe bat daukagunok, hori aprobetxatzea proposatzen dut, ekaitz bortitzena heldu arte..
ErantzunEzabatuAdoz Antxon. Eta bide batez etorkizun zoriontsu baten alde ere bai ;-)
ErantzunEzabatu