2016(e)ko abenduakren 4(a), igandea

EDERTASUNAZ



Athetic Taldea Dario Urzayen kamisetarekin


“Iritziak ipurdiak bezalakoak dira...denok daukagu bat”. Clint Eastwoodek  "The Rookie" pelikularen une batean esana, hamaika aldiz errepikatzen da edozein bazkalosteko koinatuen arteko kalakan. Baina iritzi guztiek balio berbera al dute?  Hortxe dago koska.
Esparru batzuetan badirudi nahiko argi dagoela: Zientzialari baten iritzia eta nirea ez daude maila berean zientziaz hitz egiteko orduan, eta, haren konklusioak beste zientzialari batenekin bakarrik egiazta daitezke. Kito. Beste kontu bat da bakoitzaren gustuez mintzo baldin bagara.
Hiru Michelin-izarreko sukaldari batek ba al du inolako autoritaterik norbaiti brokolia gustatu behar zaiola sinestarazteko? Maila berekoak al dira arteari buruzko nire iritziak edo artista batenak? Zeinek erabaki artista bat nor den eta nor ez den? Hartu ahal da erabaki demokratiko bat artelan baten inguruan?
Denok gogoratzen dugu Zornotzan izandako eztabaida Nagelen “patata” ospetsuaren inguruan. Adituen talde batek errotonda baterako proiektu irabazletzat hartu zuena ez zitzaion jende pilo bati batere gustatzen. Udaletxeak aldatu nahi bazuen ere, epaileak argi eta garbi utzi zuen aldaketa horrek ordain bat ekarri beharko zuela. Eta hor geratu da, askoren ustearen kontra eta aditu batzuen aldeko iritziarekin. Batzuk “edertasuna” ikusten dutenean beste batzuk zatarkeria besterik ez dute sumatzen.
Beste batzuetan ez da inongo epailerik behar izan gehiengoaren gustua –edo- inposatzeko. 2004. urtean Athleticen zuzendaritzak ospe handiko artista bati eman zion bigarren elastikoaren diseinua egiteko ardura. Dario Urzayren proposamenak zaletu askoren errefusa eragin zuen, haren kontrako manifestazio bat antolatzeraino. Partidu bakar batean erabili zen, Lamikiz presidenteak, bere lehenengo erabakian, baztertu baino lehenago. Artistak, haserre bizian, Athletici erabiltze-eskubideak ukatu zizkion. Gaur egun, E-bay enkante-orrian “Ketchupeko” kamiseta lortu nahi izanez gero 500 euroren truke daukazu eskuragai. Egun, Athleticen bigarren ekipamendu berde hori, kontrako kritika ugari jasotzen ari da askoren aldetik, baina kasu honetan ez dut uste haren balioa horrenbeste handituko denik.
Batzuetan, aro batean edertzat hartzen dena itsusi ikusten da beste batean. Gure aspaldiko argazkiak ikusi besterik ez dugu: “Aaaag, baina zer orrazkera hortera neraman”, “Begiratu sorbaldako negargarri horiek!”.  Zalantzan ez jarri, orain daramagun itxura, nahiz oso modakotzat hartu, hemendik urte batzuetara ez zaigu horren “cool” irudituko. Normalean oso oso boladan dagoenak zaharkitzerik okerrena izaten du.
Hollywoodeko 1940eko hamarkadako aktore elegante horien argazkiak arretaz begiratzen baditugu, Clark Gablek, Gary Cooperrek edo Humprey Bogartek askotan galtzerdi zuriak eramaten zituzten (!). Egun ez lukete inongo diskotekatan sartu ahal izango.    
Lankide talde batekin Malagan nengoelarik Picassoren museoa ikustera eraman gintuzten. Museoko arduradunek atsegina bezain aditua zen andereño bat jarri ziguten gidari moduan. Gutxitan entzun ditut horren azalpen sakonak eta horrenbesteko maitasunez emanak. Guztiok irten ginen bertatik Picassoren lana pixka bat gehiago ulertuta, pixka bat gehiago baloratuz, baina hor geunden gizonezko guztion -eta zenbait emakumezkoren- iritziz, han ikusitako arte-ederrik handiena... gidaria izan zen.                          


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat