2017(e)ko irailaren 20(a), asteazkena

EGONEZINA


konturatu barik nire inguruan sortu izan dudana munduko azken asteetako isla bat izan da
 Etxea pintatu behar.  Jakina, ezer baino lehen, paretak ongi prestatu. Egunkari zahar pilo bat zorua, leihoak eta  ateak babesteko. Berripaper ezberdinen orrialdeak, laneko zabortegitik hartuta. Eskelak, gurutzegramak, komikiak, iragarkiak... eta guztien gainetik, gure arreta erakartzeko asmatu izan direnak: tituluak eta argazkiak: “La querella contra Puigdemont y Jonqueras implica la cárcel”. Kataluniako gorabeherak, nola ez, gela osotik banatuta daude. “Separatismo” eta “desafío” gehien errepikatzen diren hitzak. “El Referéndum pierde fuerza tras negarse Barcelona a ceder locales”, “Baiezkoa, atzera-kontu bat da”. Askotan, ustezko berriaren atzetik, egunkariaren desira dago ezkutuan (edo agerian).
Arrabola gora, arrabola behera, zenbait begiren ikusmiran nagoen susmoa. Sorayaren begi biziak, Raxoyren behi begiak, Puigdemonten begi estaliak, patera baten gainean tragediaz margotutako begiak, Putinen begi hotzak, Donald Trumpen mehatxuzko begiak, Kordobako yihadistaren ziurtasun begiak, Ipar Koreako agintarien barre-begi aluak… “Ipar Koreak misil bat jaurti du, eta Japoniatik gertu erori da, haren aire eremua zeharkatu ostean”. Kabenzotz, ia brometako herrialde zirudiena izango al da azkenean III. Mundu Gerraren eragilea? Estatu Batuetako presidentea izateko ia brometako hautagaia ematen zuena, denok arazo serioetan sartzeko gai izango al da? Korearren argazkiak luzaroan harrapatzen nau. Baina zergatik egiten dute barre?  Munduari benetako arrisku direla erakutsi diotelako? Barre egiten ez badute zigortuak izango direlako? Egunkari guztietako azaletan daudela dakitelako?  Hor daude bostak barrez lehertzen. Sekula ez nuen pentsatuko horrenbesteko alaitasuna islatzen duen argazki batek, hainbeste ikara sorraraziko zidanik.
Ez zen nire intentzioa, baina konturatu barik nire inguruan sortu izan dudana munduko azken asteetako isla bat izan da. Egia esan, ikusten dudana, oro har, guztiz kezkagarria da: “Un terremoto causa decenas de muertos y graves daños en México”, “El Huracán va a devastar Estados Unidos , dice el director de emergencias”, “Hungría y Eslovaquia no modificarán su política de asilo pese al fallo en su contra del tribunal de la Unión Europea”...Portsmouthera doan ferrya hartu gura duten dozenaka gazte albaniar daude Zierbenan”.
Margo-tantakek, horrelako berri txarrak zipriztintzen dituzte, malkoak bailiran. Nekez aurki daiteke zergatirik nolabaiteko baikortasunari eutsiko dionik. Kiroletan zenbait lorpen aipagarri, kultura munduan zenbait argitalpen interesgarri... Hainbeste mehatxuren artean, une batez, gela margotzeko zentzua ere galtzeko zorian nago.
Batzuetan, orrialde bakar batean kontraesanak aurki daitezke: Pica bien tu raya: el ayuntamiento anima a picar bien la droga porque puede dañar las fosas nasales” eta pixka bat beherago: “Incautadas 23 plantas de marihuana en Mungia”...  Zein azkar zahartzen diren egunkari zaharrak!
Ez dakit margoagatik edo sudurraren aurrean dudan panoramaren erruagatik izango den, baina zorabiatzen ari naiz. Psikodeliarako tartea dator. “Letizia lleva a sus dos hijas al cole en el primer día del curso. Las niñas sumarán ballet, chino y deporte a las asignaturas regladas”...
Hurrengorako plastikoak erabiliko ditut. Seguru.

  
                

4 iruzkin:

  1. Izutzeko! Azkenean embalajeko papera jarri behar zenuen. Rollotan daude ta metroz metro saltzen da. Hainbeste monstrokin, bestela, geldituta geratu zaitezke.

    ErantzunEzabatu
  2. Bai, baina horrela ez nukeen zutabe hau egingo eta, egia esan, Txestatuta nago iada halako monstruekin ;-)

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Jaaajajaja. Hiltzen ez zaituenak gogortzen zaitu?

      Ezabatu
    2. Bingo. Ez dago onik ez dakarren gaitzarik ;-)

      Ezabatu