2016(e)ko maiatzakren 31(a), asteartea

AMAIERAK


Zarama Santurtzin 2010.urtean
Zarama taldearen “bigarren bizitzako” kideak entseguan geunden jo eta ke. Nafarroa aldean ekitaldi bat geneukan asteburuan eta errepertorioari errepasoa egiten geniharduen.
Bosgarren kantuan edo ari ginela, hara non zabaltzen den atea. Entsegu-lekuen arduradunak ospakizun batera gonbidatu nahi gintuen. Egoitzaren urteurrena bete omen zen eta musikarien zain pintxo eta edari franko zeuden guztion urdailak lanean jartzeko prest. “Bost minutu besterik ez dira izango” agindu zigun eta bost minutu horiek oraindik amaitzeke daude.
Taldeen arteko giroa eta dastagai zegoen guztia horren goxoak ziren, inor ez zela bere txokora itzuli. Handik gutxira, ekitaldia suspenditu zen zenbait kideren laneko gorabeherak tarteko, eta taldea “stand-by”n uztea erabaki genuen. Hitz monarkikoetan: “fin temporal de la convivencia” deituko luketena.
Seguruenik bost abesti horiek taldeak jotako azkenak izan ziren. 1995. urtean, gure “lehenengo bizitza”rena,  oso bukaera ezberdina izan zen: Santurtzin ospatzen zen Ibilaldian, parkea jendez gainezka, ETBko kamerak hegaz nonahi eta gu oso ikuskizun landua eskainiz... Gure lehenengo agurra “loriatsua” izan zen nolabait, bigarrena aldiz... ez tristea ez alaia: “ganorabakoa” deituko nuke nik.
Horrelakoak dira maiz gure bizitzan izaten diren bukaerak: Mezu tentel bat telefonoan; “gero arte” hots bat; topaketa azkar bat: “ea noiz egiten dugun afari hori eh?” – “Bai, nire kontu”...
Mota askotako bukaerak daude. Fikzioan nahiago ditut ezustekoak, Los Soprano eta Mad men telesaioenak, esate baterako, borobilak dira niretzat. Casablanca eta Blade Runner filmeenak oso poetikoak eta El Sexto Sentido; Los Otros edo Citizen Caine tankerako pelikulek bukaeran dute beren zentzu osoa;  aldez aurretik jakinez gero: akabo!
 Antzerkian El Metodo Gronhol antzezlanaren azken eszenari txapela kentzekoa deritzot eta literaturan ezin ahaztu Vazquez Montalbanen Los Mares del Sur eleberriarena edo Tomas Mannen La Montaña Magica-rena.
Musika sailean nahiago ditut bat-bateko bukaerak, astiro-astiro desagertzen direnak baino.  
Bada, egunen batean dena amaituko da. Munduak berak dauka bere bukatze data. Ziur aski gu guztiona askoz lehenago gertatuko da. Norberaren azken egunean, existitzen den guztia desagertzen da bat-batean. Bitartean bukaera hori nola izango den nahiago dugu ez jakin.
Baina gure bukaera ez da bukaera. Ez du ematen denborak inoiz desagertzeko asmorik daukanik. Agian denak amildegi horren aurrean gaudelako, bukaera zehatzak, borobilak asmatu nahi ditugu.
Willy Wilderrek , oso “The End” bikainak sinatu zituen zuzendariak -ahaztezina benetan El Crepúsculo de los Dioses pelikularena- idatzita utzi zuen bere bizitzarako zein izango zen bukaera perfektua: “Laurogeitaka urte ditut; emakume eder batekin txortan nago, eta orgasmora biak batera heltzen garenean, haren senarrak, ni konturatu gabe, hil egiten nau, garondoan tiro eginda”.
Hau paradoxa!, hitz potoloko legeen bidez droga debekatzen duen gizarte honek, morfina ematen digu askotan gure bukaera leunago, goxoago bihur dadin. Fededunentzat geroko bizitza baten itxaropena  lagungarria da. Ni aldiz, betikotasuna asmatze hutsak, dar-dar batean jartzen nau. 
Baina kontuz: alde egiteko inolako presarik ez! 





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat