2016(e)ko azaroakren 26(a), larunbata

2036: AC/DC BILBON ZUZENEAN




Harrigarria, aparta, txapela kentzeko modukoa, atzo BEC Berrian ikusteko parada izan genuena. Angus Young bere sasoirik onenean saltoka eta korrika joan den mendeko laurogeiko hamarkadan ere ikusten ez zen moduan eta Bon Scott berriro eszenatokian nagusi, berak bakarrik dakien moduan. Lehenengo AC/DC taldearen kantu arrakastatsu guztiak bata bestearen ondotik eta kalitate maila bikainaz dastatzea ez da egunero bizitzen den esperientzia. Egia esan, ez dut uste horren ekitaldi biribila posible zitekeenik bizirik zeudenean.
Bestalde, azken txanparako prestatu zutena guztiz orijinala izan zen: “Highway To Hell”en emankizun ederra eskaini ostean, Bonek, oso atsegina gau osoan zehar, bere ordezkoa aurkeztu zigun guztion zoramenerako. Han bilduta geundenok taldean izandako bi abeslariak nola besarkatzen ziren ikusi genuen “Back In Black” abestiaren “riffak” entzuten ziren bitartean. Brian Johnsonen ekitaldia ere, nola ez, ezin bikainagoa  suertatu zen.
Hologram Maters”en produkzioak itxaropen guztiak gainditu zituen, eta, egia esan, irrikan gaude datozen hilabeteetarako iragarri diren kontzertuak dastatzeko: Jin Morrison eta Doors taldea haien Miamiko emanaldi mitikoan; Rolling Stones Altamond-en; Sex Pixtols New Yorken emandako azken emanaldian eta Santana Taldea haien 1969ko Woodstock jaialdian.
Musikarien Elkarteko kritikek eta boikota egiteko deiak ez dute nahi beste erantzun jaso. “Hologram Masters, gure eskubideen kontra” izeneko agirian, “egiazko” musikariek, “lehia desleialtzat” hartzen dituzte emankizun hauek. “Sormena eta zuzeneko musikaren etorkizuna, erabat mehatxaturik dago pantomima hauen erruz”, salatu dute, “lotsagarria da oso, aspaldian desagerturik dauden talde eta artistak teknologiaren bidez berpiztea haien iritzia zein izango zen jakin gabe”, gehitu dute. Elkarte honetako kideentzat honelako eskaintzek ez dute batere laguntzen gazteengan musikarekiko maitasuna sortzen, eta lortzen duten bakarra aspaldiko mitoen itzala infinituraino luzatzea da”.
Ez dut nik esango arrazoi faltan daudenik, baina bestalde, ikuskizun hauei esker, herri musikaren izen ahaztezinen zuzenekoak gozatzeko aukera dugu. Ni, esate baterako, txikitan, benetako Bob Dylan ikustera eraman ninduten, eta egia esan, oholtza gainean nekez aritzen zen musikari zaharkitu horrek ez zidan inongo zaletasunik sortu. Garai hartan “tributu taldeak” modako jarri ziren, egiazko musikariek osaturik eta azken finean, gaur egun, teknologiak artista hauen guztien garai oneneko emankizunak berreskuratzen dizkigute, haien itxurak eta gaitasunak bizirik bailiran eszenaratuz. Gizakion historia teknologiarena da eta beti izan dira batzuk etsaitzat hartu dutenak, euren interesen kontra omen zihoalako. Hori bai, bizirik dirauten musikarien erreplikak egiteari errespetu falta galanta deritzot, nahiz, denok dakigun bezala, batzuek inolako problemarik gabe onartu duten, holo-ekitaldiekin egile eskubideengatik irabazi ederrak lortzen dituzte eta.
Zeinek esango zigun Beatles taldea oholtza gainean berriro ikusiko genuela, haien hasiera zoroetan aritzen ziren legez. Ados, talde eta artista hauek ez dute ezer berririk egiteko ahalmenik -momentuz behintzat- baina zer esan, datorren astean Eskorbuto, RIP eta Cicatriz Gasteizen arituko dira euren garaian eskainitako zuzenekorik basatienak antzezten. Eta nik ez dut huts egingo!
                      

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat