2016(e)ko martxoakren 20(a), igandea

“JODEOS MISERABLES”



Ramón Márquez "Ramoncín"
Aspaldian gertatu zen, 1979 urtean. Tele-magazine horietako batean modako punka eramatea erabaki zuten, nobedade gisa: Ramoncín, Vallecaseko izarra, “El Rey del Pollo frito” deitutakoa. Garai urrun horietan izendapen hori ez zegoen horren usatua eta rockero familiarentzat ezohiko eskaintza aparta zen. Hamazazpi urteko Roberto, gutxitan bezala, irrikatan zegoen telebista aurrean, bi kate publiko besterik ez zegoenean. Agerraldi horren aurrean, nik nire ametsetako munduarekin zerikusi zuzena zuen zerbait zela sentitzen nuen, areago nire gurasoen erreakzioa sumatzen nuen heinean. Haien errefusa nire sendotzea zen.
Programa horretan Ramoncín ausarta agertu zen. Isabel Tenalle aurkezleak betaurreko beltzak kentzeko eskatu zion eta berak “nik nahi dudanean” harro erantzun zion. Gero “Marica de Terciopelo” abestia kantatzeari ekin zion eta airea sekula entzuten ez ziren hitzekin bete zen: “Marica de terciopelo, polvoriento, sutil y retorcido, urbanita enamorado, Balzac de segundo orden, onírico contagioso...”
Garai beldurti horietan bazterrak astindu ziren pasadizo horren harira eta hurrengo egunetan aldeko eta kontrako iritziak  ziren irakurgai egunkari guztietan.
Trantsizio garaiko Francisco Umbral eta beste “glamour giroko”  intelektual batzuk lasterka joan ziren harekin erretratatzera, eta egun batetik bestera, auzo baztertuen ikono berria jaio zen.
Harrezkero ohiko bihurtu zen nonahi ikustea: Ramoncín “txeli” hiztegia aurkezten, Ramoncín tertuliakide modura, Ramoncín lehiaketa bat aurkezten, Ramoncín aktorea, Ramoncín produktorea... garai batean “Ramontxo” ere deitu zuten, Herri Batasunarekin nolabaiteko idilioa izan ondoren. Elkarrizketa batean -zin degizuet- olinpiadetara joateko asmoa zuela baieztatu zuen, arku-tiro modalitatean... nekagarri samar bilakatu zen pertsonaia, bai, baina bazituen jarraitzaileak eta disko erosleak.
Baina milurteko berriarekin batera bere “bekaturik handiena” egingo zuen: SGAEn agintari moduan sartzea. Pirateria ia ospe oneko jarduera den herrialdean, Ramontxo kanon digitalaren armagizon bihurtu zen eta laino digitalean sortutako gudari ugariek -eta anonimoak-  gupidagabeko gerra deklaratu zioten.
Pasadizorik larriena Viña-rock jaialdian gertatu zen. Oholtzan agertu bezain laster izar-itxuraz ebakitako cd-ak bota zizkioten bere ekitaldia bertan behera utziz.
Gainontzeko taldeen artean inor ez zen ausartu ekintza hori gaitzesten, baina -esan beharra dago-  autore eskubideak kobratzeko orduan, inork ez du, antza, atzera egin.
Historia triste honen azken kapitulua bere auzipetzearena izan da. Egingo ez zituen lanengatik aberastea zen akusazioa eta azkenean epaileak errugabetzat jo du.
Epaiaren berri jaso bezain laster “Jodeos miserables” idatzi du musikariak Facebooken argitaratutako ohar mingots batean. Baina dagoeneko soberan jakingo duenez, bera bai dagoela izorratuta.
Egunotan inork ez du Ramontxo ezertarako kontratatu nahi, ez kantatzeko, ez grabatzeko, ez mahai-inguruetan hitz egiteko.
Beharbada, bere bigarren diskoa egin eta gero, istripu batean hil balitz, gaur askorentzat, hildako heroien olinpoan izango zen, baina batzuetan bizirik irautea bekaturik barkaezinena bilaka daiteke.
Ramoncinek, entzun nahi dioten kazetari guztiei, “jendeak asmatutako panpinarekin” zerikusirik ez duela errepikatzen du. Baina bere ibilbidea errepasatu ondoren, galdetzekoa da “panpina” hori, neurri handi batean, ez ote den berak asmatutako munstroa.               

2 iruzkin:

  1. Huy, Ramoncín. Pertsonai, garaietan, xelebrea, orain, berriz, jasanezina. Urte asko igaro direla eta bera ere "hazitu" dela hala-nola. Gazteleraz esaten den bezala: "Quien no es revolucionario en la juventud no tiene corazón y quien no es conservador en la madurez no tiene cerebro". Ramoncinena ejenplu gardena. Noizbaitetan irratiko kardundioena, komunista ohia, Jiménez Losantosek oroitarazten du Ramoncín HBren "martxa eta borroka" jaialdietan ibili zena. Bera ere, rojo de mierda zelikan...jaaaajaja.

    ErantzunEzabatu
  2. Aspalditik nago ni pertsonai hobnetaz nekatuta. garai batean nire ingurukide guztiek alde zeudenean ni kontra nengoen. Baina azken kapitulu hauetan ez dakit nik "pagafantas" samar ez ote den izan.

    ErantzunEzabatu