2016(e)ko ekainakren 12(a), igandea

NIKO




Niko Etxart
Asteburu honetan Sondikan distira egin dutenen izarren artean, izar txapelduna izan dugu. Niko Etxart, Parisetik etorri berria zelarik 1979 urtean, “Euskal Rock & Roll” grabatu zuena, garaiko euskal kantagintzaren esparruan alaitasuna eta elektrizitatea sartuz, inolako konplexurik gabe, eta bide batez, orduko euskal ipurdi geldiak dantzan jarriz. NikoEtxart, oholtzatik jaitsita kantuka jarrai dezakeena etengabe, harexek esaten duenez “zerbait erreza delako niretzat”. Niko Etxart, estilo erabat ezberdinetan disko bikainak sinatu dituen artista: “Has’ Dantzan”, “Etxahun ta Etxahun” (beste hainbat musikarirekin batera), Eperra, Baikor...
Zaila da benetan Nikori buruz gaiztakeriak entzutea. Tamalez, laudorioak heriotzaren egunean entzuten dira maiz, jakina denez “asto akabauei garagarra muturrera”, horrexegatik gaur bizirik eta sasoian dagoenean, artista honetaz mintzatzea merezi du.
Zaramarekin herriz herri ibiltzen ginen garaian, berri ona zen beti Nikorekin joko genuela ohartzea. Bermaturik zeuden barreak eta roilo ona aldagelan.
Orain hamar bat urte, Euskal Telebistan saio berezietan sailean nengoela, Altzurükü, bere herrian ezagutzeko parada ederra izan genuen. Familia giroan grabatutako “Eperra” izeneko elepea atera berria zuen -zeinean kantu gehienak boz hutsez emanak diren- eta bazkal osteko bertoko kantu-giroa harrapatu nahi genuen. Egun horietan, prestaketa lanak egiten genituen bitartean, bere herriarekin lotura estua duen abeslari bat ezagutzeko aukera izan genuen. Goizean Pastoral batentzat bai harmoniak egiten, bai muntaia lanetan ikus genezakeen buru belarri, gero arratsaldean, bere estudioko bakartasunean konposizioak poliki-poliki borobiltzen amaitzeko.
Hunkigarria benetan bere aita Dominika-rekin batera Zuberoako  kanta tradizionalak abesten entzutea. Belaunaldi urrunak bai, baina kantuetan eta aspaldiko ohituretan elkarturik.
Orain dela urte pare bat bere aita hil zen, Xiberoko paisaia are eta malenkoniatsuago utziz, bere ahotsa aditu ezinik.
Atzo Jethro Tull, Graham Nash, Bob Geldof  eta Nina Hagenen tankerako artistekin partekatu zuen kartela “Music legends” jaialdian: “Ian Andersonek hirurogeita bederatzi urte dauzka eta Nina Hagenek hirurogeita bat. Nik hirurogeita hiru ditut... hortxe-hortxe gabiltza hirurok. Ni astero Euskal Herrian zehar zuzenean jotzen ibiltzen naiz... horri esker gaztetasunari eusten diot”.
Euskal rockeroen belaunaldi berrientzat ere erreferente aparta da Niko. Zaramakoek Mauleko gazteluan Nikorekin “Euskal Rock&Roll” abesteko aukera izan genuen. Une hori bizitzeko besterik ez bazen ere, oholtzetara itzultzea merezi zuen, benetan.
Geroago, besteak beste, Sexy  Sexters eta Eskean Kristo taldeekin grabatu du, berriro ere bere moldatzeko gaitasuna erakutsiz: “nire semeak izan litezke, baina elkarrekin lanean gaudenean  ez dago adin mugarik. Musikaren hizkuntzak ez du adinik eta horrelakoetan denok ikasten dugu, bai eurek, bai nik.”
Hori da Niko handia, “Rodrigori” bezain goxoa, “Tumatxan” bezain umoretsua, “Minuette” bezain adoretsua...
Itxurakeria gehiegietan agintzen duen musika munduan, Niko da belaunaldi berrientzako eredu ezin egokiagoa.                    



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat