2013(e)ko otsailaren 26(a), asteartea

BERRIRO ESKOLARA


Guerra aurreko iragarkia (Jon Zabalo)

Hona hemen berriro bozketa eguna. Ohitura bihurtzen ari den heinean, garai batean zeukan morboa galtzen ari den erritua. Bai, izan liteke botere politikoa gero eta baldintzatuago egotea, gurea kalitate txarreko demokrazia izatea eta hauteskundeak gero eta balio gutxiago edukitzea, baina hauen egiazko eragina aldera utzita, dudarik ez, gaur gaueko ordezkarien banaketa, bizi garen gizartearen argazki garden xamarra emateko modukoa izango da.
Areago, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa, antzoki txikiz beteko dira gaur. Hauteslekuak, egun batez, gure errealitatearen agertoki bihurtzen dira. Hor antzezten dira gaur, nolabait, gure eguneroko tragikomediak islatzen dituzten antzezlanak.
Duela oso gutxi (batzuetan mendeak pasa direla ematen duen arren) eskoletan antolatzen diren antzezlan horiek oso gertaera larria erakusten zuen: ahaldunetako asko eta hautesleetako batzuk, bizkartzainek babestuta zeuden. Beste alde batetik, aukera politikoren bat, legez kanpo zegoen. Mahai-presidentea izatea edo ahaldunaren tokian aritzea guztiz ezatsegina zen halako egoeran. Guztion zorionerako gidoiaren zati hori iraganean gelditu da. Ziur aski gure gaurko “antzerki-eskaintzak” lehengo drama-kutsua galduko du emankizun atseginagoak eta aurreikusteko modukoak aurkezteko. Ikasgela askotan aktoreek haien hamaiketakoak banatuko dituzte giro ederrean: “Martxa honetan jarraituz gero, bostetarako ehuneko berrogeita hamarra gaindituko dugu erraz”, “A zer gogorrak diren umeentzako aulki hauek, ahaztuta nengoen”. Izan ere, gaur bizitzen ari diren pasadizo horietako askok, ikasgeletako usain ahaztezina dute; kimika imitaezin horrek klarionak, borragomak eta hormonak nahasten ditu eta ezinbestean haurtzaro ikaratu batean kokatzen gaitu. Astegunetan, ingurune horretan, beste botere-borroka batzuk izaten dira, non “popularrak”, “gizagaixoak” eta “parlamentuz kanpokoak” ere erabakitzen diren.      
Gaurkoa auzokideen arteko antzezlana da, ustekabeko topaketez eta ezkutuko espekulazioz beteta:  “Eusko Alkartasunekoa zen lehen hura, baina orain ez dakit non ibiliko den… ez dut Bildun ikusten”… “segurutik, nitaz horrelako zerbait pentsatzen ari da hura ere ”…
Eta ilunabarrean, zortzietan: azkeneko ekitaldia. Botoak zenbatzerakoan, serio demonio arituko dira. Ez dago jada txantxetarako lekurik. Marra txikiren bat “boto baliogabea” izango da eta botoen kontaketa edozein izanda ere, denak saiatuko dira emozioak kontrolatzen.  
Benetako ordua geroxeago helduko da. Emaitzek dantza egingo dute komunikabideetan eta denak islatuko gara ispilu horretan. Zenbaterainoko aldaketa ekarriko du, bihartik aurrera, gure bizitzan? Galderak pil-pilean hainbat burkotan: Nagusia aldatuko didate? Lanpostu bat lortzeko aukera hobea izango al dut? Gabonetako ordainsaria izango al da? Murrizketa gehiago izango al ditut?  
Biharko datozkigu begi-zulo eta aurreikuspenak. Bihar ikasgela horiek, ohiko kideez beteko dira. Bihotz-bihotzez etorkizunean horrelako antzezlanak (edo hobeak posible bada) egiten jarrai dezatela opa diet, demokraziaren antzokian. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina