2013(e)ko maiatzaren 21(a), asteartea

EURO-BIZIOAK




Krista Siegfrids, Finlandiako ordezkaria gay eskontza aldarrikatzen
Ezagutza lortzeko baliabideek asetzen ez nautenean, neure hiztegi lisergikoaren bila joaten naiz. Hori da hain zuzen atzo, Eurovision Kantu Lehiaketa ikusten nengoela gertatu zitzaidana. Honako erantzun hauek lortu nituen:   
Europa: Historian zehar behin eta berriz kontinentea baino gehiago izateko guraria izan duen sasi-kontinentea.
Europa: Estatu ugariz osaturiko kontinentea. Munduan dauden bosten artean txikiena. 
Europa: Mendebaldeko zibilizazioaren kuma. Erromatar eta greziar kulturen sorterria.
Europa: Historian zehar izan diren bi mundu-gerretako gertaleku nagusia. Beste hainbat gatazka izan dira bertako herrialdeen artean, azkenekoa orain dela hogei bat urte Jugoslavia zaharrean.
Europa: Bere iraganari buruzko ikuspegi bezainbat hizkuntza dituen lurraldea. (Hogeita hiru hizkuntza ofizial ditu. Euskara bezalako ofizialtasun gabekoak, hirurogei baino gehiago dira).  
Europa: Gure antzinako gaitz guztien irtenbidea, orain, inork zergatia ulertu barik, gure gaitz guztien errudun bihurtu dena. 
Europar Batasuna: Milagarren saiakera europar hiritarren artean batasun politiko eta ekonomiko bat eratzeko. Hiriburua Brusela da eta gaur egun hogeita zazpi herrialdez osatua dago. Euroa da haren dirua, nahiz haien arteko kide potolo batek (Britainia Handia) beretzat ez onartu. Kanpoan dauden nazio batzuk (ez guztiak) irrikan daude sartzeko, baina kide potolo horrek, badirudi hanka egin nahi duela.
Europar Batasuna: Kontinentearen mendebaldean joan den mendeko berrogeita hamargarren hamarkadan sorturiko elkartea. Nire belaunaldiko herritar askorentzat askatasun eta demokrazia ametsa eratzen zuena.
Europar Batasuna: Guztiz osasun ekonomiko ezberdina dutenen arteko batasuna. Zenbaki onenak dituen Alemania izeneko estatuari “Lokomotora” deitzen zaio, nahiz eginen arabera, “bagoiak” arrastaka eramateaz nekatu ohi den.
Europar Batasuna: Inolako batasun politikorik ez duen sasi-batasun ekonomikoa. Inork ez du presidenterik ezagutzen, baina berez, Angela Merkel alemaniarra Nagusitzat hartua da... halabeharrez.
Eurobisioa: Europako futbol lehiaketez aparte, txikitatik Europarekin izan dugun loturarik garbiena. Ume guztiok buruz genekien ereserkia, konexioen tartea bukaezina izaten baitzen.
Eurobisioa: Ekialdeko Nazio berrien izen ahoskaezinak eta zenbait abeslari berezi, urtero ezagutarazten dizkigun kantu txapelketa.
Eurobisioa: Gero eta gonbidatu gehiago duen “party” erraldoia. Normalean, hor agertzen direnek ez dute zerikusirik izaten haien herrialdeetako benetako pop musikarekin. Partaideen janzkera eta kantuen itxura ospakizun horren barruan  bakarrik ikus daitezke.          
Eurobisioa:  Europako Estatuen arteko harremanak ezin hobeak direla urtean behin gertatzen den haluzinazio orokorra. Alemaniaren aldeko bozketa turkiarrak, Espainiaren aldeko puntu portugaldarrak eta Serbiaren aldeko boto bosniarrak ospatzen dira munduko gauzarik normalena izango balitz bezala.
Euro-bizioa: Erokeria hori urtero ikusteko ohitura. Susmatzen da Massiel eta ABBA errudunak direla nolabait.
   



2 iruzkin:

  1. Europa, anitztasun lurra. Denetarik dago, aurrera doanak eta atzean geratu nahi duenak.

    Eurovisioa jasatzen duzu oraindik? nik ezta edanda. Hainbeste anitztasuna, ezta ere anisarekin..:P

    ErantzunEzabatu
  2. Kostata, baina zati bat behintzat bai. Gustokoa ditut bozketak eta haien inguruko gogoetak... makota ke es uno ;-)

    ErantzunEzabatu