2016(e)ko urtarrilaren 3(a), igandea

SUTAN




Sopela eta Berango arteko sutearen irudia
Arratsaldeko bostak aldera lehenengo seinaleak agertu ziren. Suhiltzaileen kamioien hotsak behin eta berriz hasi ziren entzuten Sopela eta Berangorako norabidean. Zazpiak aldera hasi ginen lehenengo “whatsapp”eko mezuak jasotzen, batzuk argazkiz lagundurik. “Hey, ikastola kiskaltzen zaigula!” esaten zigun lagun batek. Hemengo hedabiderik garrantzitsuenen web-orrietan gertaeraren berri ematen hasi ziren zuhurtzia handiz: Sustatxa bidean sortutako sutea zela, foku ezberdinak zeudela hiru kilometroko eremu batean, Unbe mendiko errepidea itxita zegoela eta kasu batzuetan (ez guztietan) zenbait etxetan izandako irtenarazteen berri ematen zuten baita ere.
Iluntzean ke usaina nabaria zen Sopelako herri osoan eta sutearen ingurutik hurbil bizi den lagun batekin kontaktuan jarri ginen. Izuturik zeuden, baina momentuz behintzat suhiltzaileek ez zuten etxea uzteko agindurik eman.
Gauarekin  batera su-garren arrisku itxura areagotu zen. Urko polikiroldegiaren inguruetan ikusnahiak ugaritzen ziren. Sare sozialetan hasia zen informazioaren eta desinformazioaren dantza. “#Sute” eta antzeko hashtag-ak sortzen ziren eta bertan baieztapen kezkagarriak ez ziren falta: “La cervecera en llamas”, “Sua Ikastola parean dago”, “Hemen ez dago ezer kontrolaturik, guztiz kontrakoa”.
Egia esan, etengabeko haize-boladak ez ziren batere lasaigarriak eta usaina gero eta nabariagoa zen. Informazio berrien faltan iruzkinak ugaltzen ziren. Honelakoetan inoiz ez dira faltako Eusko Jaurlaritza seinalatzen dutenak: “Non dago euskal ejertzitoa?, non gure herri-zainak? Ezdeusen eskuetan gaude”, “helikoptero bat ere ez da inguruetan ikusten, hau da murrizketek ekartzen digutena, lotsagarria”. Laster gehituko zaizkie mesfidatiak: “Berango eta Sopela artean hain zuzen, zein lurralde egokia kristoren urbanizazioak eraikitzeko , Partido Popularrak horrelakoak errazten dituen legea aprobatu berri denean, hau kasualitatea!”.
Oheratzeko orduan, irratian eta hedabide nagusietako webgunetan jakin daitekeenak ez zuen gauza handirik gehitzen ordura arte jakin zenari. Sutetik gertuago bizi diren lagunengandik mezu lasaigarriak jaso genituen baita ere. Twitterren eta Facebooken ordea,   berri beldurgarriak eta iruzkin apokaliptikoak jaun eta jabe. Ikastola, “Garden Centerra” eta inguruko garagardotegi bat kiskaldutzat ematen ziren.
Hurrengo egunean suak eta haizeak bizirik zirauten, baina suhiltzaileen etengabeko lanari Madrildik bidalitako ur-hegazkina gehitu zitzaion. Arratsalde partean suteak kontrolpean ematen zuen eta zeruak suhiltzaileek egindako lanari sari bat eman nahi balio bezala, luzaroan ikusten ez zen euri-zaparrada bota zuen.
Suaren jatorria ikertzen ari diren bitartean, informazioaren ikuspuntutik, gertatutakoak badu zenbait hausnarketa egiteko mamia.
Badirudi honelako gertaeretan irratiak zuen bat-batekotasuna lehentasuna galtzen ari dela, sareak duenarekin konparatuz. Hala ere, iturburuen fidagarritasuna ez da beti areagotzen “bertan dagoen lekuko” batengandik omen datorrelako. Hedabide ezagunek badakite euren fidagarritasuna jokoan dagoela eta horrek honelako berriak zuhurtziaz kudeatzera eramaten ditu.
Bestalde harrigarria da batzuek ikaragarrizko titularrak emateko duten zaletasuna. “Amarillismoa” edo “anpolai-prentsa”, honelakoetan ikus daitekeenez, ez dago  erredakzioetan bakarrik.  


4 iruzkin:

  1. Ez ditut honelako gertaerak sare sozialetan jarraitzen, beraz ezin dut inolako iritzi edo epairik eman hoietaz. Eta, zuk kontatu bezala, leku hauetan erredakzioetan baino amarillismo geihago dagoela, guztiz sinisten det, zeren zuk hedabide ezagunak ondo ezagutzen (barka errepikapena) bait dituzu.
    Dena den, nik pentsatzen det, teleberriak notizi txarrekin irekitzen direnean, gauzak irudi bortitzetan erakusteak, (ez zait ezer guztatzen Piquerasen erredakzioak gauza hauei ematen dien "espektakulu" kutsua) eta guzti horri, musika, nola deituko dut, "erakargarria" gehitzen zaionean, gure sentsazioekin jokatzen dela, zertxobait baino askoz geihago, argi daukat; baina beno, hori komunikabide klase guztiak, kulturalak izanik ere, egiten dute; hala ere, berri txarren inpaktoak pertsona askoretan sortzen duen morboa haundia dela susmatzen dut, erdaraz "estudios de audiecia" esaten denaren arabera, sistema horrek publiko geihago sortzen duela konprobatuta egongo delako. Eta niri horrek ematen dit pena, tragedia edo zorigaitzak ikusteak gustua ematen diela askori pentsatzeak. Dena den, "pena" esaten det eta ez "nazka", niri ere gustatzen zaizkidan gauza batzuk, koloka handian jarri dezaketelako baita ere, nire izatearen ustezko zuzentasuna. Horrela omen dira gauzak, y así se las hemos metido.

    ErantzunEzabatu
  2. Agian kazetaria naizelako edo , askotan entzun behar izan dut hedabideek manipulatzen dutela eta gure iritzia zuzentzen dutela. Denok dakigu istorian zehar askotan horrela izan dela. Baina jendeari, oro har, ez zaio gustatzen entzutea hedabide "amarilloak" kriston arrakasta lortzen dutela janari mota hori gehiengoak eskatzen dutena delako hain zuzen ere. Berriei dagokienez, zoritxarrez badago lelo bat gustiz egizkoa dela "Notizi txarra notizi ona da"... dena esanda dago..

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Ez da batere erraza izango kazetaria izatea; guztiz independientea askoz zailago.
      Baina batzutan, zalantza bat daukat. Ba al liteke, lehenengo telebistatik janari "amarilloa" edo zaborra botatzea, askoren instintu bajuenak betetzeko, eta hori lortuta, jendea, janari horri errez ohituta, konturatu gabe, telebistan bost kateari ematen diola nazkatuta dagoelako gauza serioetaz? Eta han, salvame batean edozein barrabaskeria ikusteak halako zirrara bat sortzen omen du. "Gran hermano es una mierda pero yo lo veo" entzun izan det behin baino geihagotan.
      Adibidez, estatu batuetan, jende lodiena bizi den moduan, zer da lehenago, jendeak zabor janaria eskatzen duela, edo arlo horretan zabor janaria errezten zaiola jendeari eta orduan jendeak, ohituta, horrelakoak hartzen jarraitzen du inertzia moduan. Ez dakit zer den lehenago, benetan.

      Ezabatu
  3. Eztabaida zaharra eta interesgarria benetan. Askotan esaten da ere: "Heziketa arazoa besterik ez da". Estatu batuetan adibidez, jende askok jakingo balu janari-zaborra zer arriskutsua den, prezio antzeko esku duen beste motako janariak aukeratuko lituzke... nik ez dut horren garbi ikusten. Gurean behintzat inoiz ez dugu gauregun dugun heziketa maila , hala ere Tele5 da gehien ikusten dena...de largo

    ErantzunEzabatu