2016(e)ko apirilakren 3(a), igandea

HIRU BERBAKO DRAMAK


"Life of Brian" pelikuaren une bat
Horixe bera zen erronka: “Kontatuko al zenuke historia triste bat hiru hitz bakarrik erabiliz?”  Nire lagun eta lankide Txani Rodriguezen Facebooken irakurri nuen. Hark ere, beste baten esparrutik partekatzen zuen. Hasieran ohiko tontakeria iruditu zitzaidan, baina erantzunak irakurtzen nituen heinean, arreta hazten hasi zen nire baitan. Hitz gutxirekin asko kontatzeak, zure hizkeraren zehaztasunaz asko esan dezake eta honi oso interesgarria deritzot.
Laster ikusi nuenez, ez nintzen ni bakarrik eskularrua jasotzen nuena. Egun bakar batean proposamenak hirurehun erantzun baino gehiago jaso zituen.  Umorezko -edo umore beltzeko- esaldiak ez ziren falta, jakina: “Vivan los novios”, “Leo las noticias”, “ Mariano Rajoy Brey”, “Alkoholik gabeko garagardoa”, “Ba... kondoirik gabe”, “Murió sin mojar”, “¿Y yo cuando?”, “Begiratu nire hozkailua”, “Pedazo clavo, joder”, “Concierto de Revolver”, “Barruan al dago?”, “Ramoncín berriro oholtzan”...
Idatzitako askok aktualitatea zuten inspirazio iturburu: “Proceso de paz”, “Iñigo Cabacas justizia”, “La Unión Europea”, “Euskal Telebista Bat”, “Errefuxiatuak Europako ateetan”. “No se Puede”...
Beste autore batzuek eskaeraren zentzu zehatzari eutsi zioten, batzuetan benetako dramak islatuz: “Betirako joan zen”, “ Hitz egin behar dugu”, “Ez dago zereginik”, “Eutanasia debekatu diote” , “Afganistaneko emakumea da”, “Patuko berriak salgai” -gero norbaitek Hemingwayrena zela esan zuen- “Europan gertatuko dena”... “Betirako joan zen”, “Agur eta ohore” , “Ez daukat etxerik”, “No es benigno”, “Euskadi ta Askatasuna”...
Jokoak bueltaka jarraitu zuen nire buruan egun osoan zehar eta gauean “Pompas de Papel” irratsaioko lagunekin neukan afarian, proposamenek jarraitu zuten. Baina oro har, eta giro alaiak bultzaturik, barre egitekoak inposatzen ziren: “Lucía Etxebarriarentzat Nobela”, “Sexu... zure esku”, “Euskadiko Partidu Komunista”...
Hiru hitzekin historia triste bat asmatzeak ez du horren zaila ematen. Izan ere, drama bat asmatzeak, oro har, nahiko erraza dirudi. Facebookeko ekimen hori asmatu zuenak, ezbairik ez, bazekien arrakastaren giltza zein zen. Zorigaiztoko kontakizun bat osatzeko hedabideetan ikusten ditugun amesgaiztoak besterik ez ditugu behar. Berez, eta goiko zerrendan ikusten denez,  umore beltza edo sarkastikoa egiteko orduan, batzuk baliagarriak dira baita ere. Baina... Zer gertatzen da buelta ematen badiogu? “Forocoches.com”en, kontrako eskaintza egin zuten. Hasteko, bistan da lortutako jarraipena askoz murritzagoa dela. Erantzun gutxi batzuen artean hauek azpimarratu ditut: “Loteria tokatu zait”, “Baietz esan zidan”, “¡Viva el vino!”, “Nireek irabazi dute”, “Mañana es fiesta”...
Bitxia bada ere, badirudi historia tristeek hobe funtzionatzen dutela bai tristura sorrarazteko, bai barreak eragiteko. Beharbada horregatik berri onek egunkari gutxiago saltzen dute, berri txarrek baino.      
Zinean, adibidez, arrakasta gehien lortu dutenen komediak aipatzerakoan, garbi dago, kutsu mingotseko asko daudela: “Life of Brian", “El Apartamento”, “Hight fidelity”, “El Guateque”,  “En Bandeja de Plata” ... ez lirateke horren dibertigarriak izango, ezkutuan nolabaiteko tragedia izango ez balute.
Hiru berbako dramak. Eta egun hauetan, nire burutik kendu ezinik honako hau: “Gorroto egunak datoz”.     






          

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat