2016(e)ko maiatzakren 15(a), igandea

EVORA



Lau egun Evoran. Horren hurbil, horren urrun. Aurreko bi edizioak Bilbon izan ondoren, aurten, EXIB, Iberoamerikako musiken azoka, Portugal aldera mugitu da. Alentejo aldera. Bi aurrekoetan bertan lanean egon eta gero, aurten ere kazetarien artean gonbidaturik egon naiz. Hegazkina Loiun hartu eta Lisboa aldera. Datorrena datorrela. Hango aireportuan lehenengo topaketa. Joxean Martin Zarko, besteak beste Ganbara eta Alboka taldeetan aritua. EXIBen zuzendari artistikoa zen. Inaugurazio gala gauean zeukan eta musikari pilo bat arituko ziren eszenatokian. Kotxean kontatzen zidan hori guztia, Lisboatik Evorarako bidaian. Bere emazte Jonek eta Mexikotik etorritako artista batek lagundurik.                                             
Berdea eta zuhaiztiak nonahi. Etxe zuriko herrixka txukunak urrutian. Bihurgune gutxiko bidaia atsegina. Jakinaren gainean aurretik egon arren, heltzean herriaren edertasunak harritu gintuen. Historiaz beteriko herria, harresi batez babesturik.   Laster konturatuko ginenez, hemen EXIB, Bilbon baino askoz agerikoagoa izango zen. Herri osoan zegoen ikusgai, afixetan, pankartetan, tabernetan...                                  Behin hotelean kokaturik, osteratxo bat "museo-herritik" (horrela da ezaguna). Katedrala, non pareta oso bat giza-hezurrekin eraikita dagoen. Don Manuel Jauregia, prentsa eta lan-taldeentzat antolatuta. Giraldoko plaza, terrazaz inguraturik, non prest zegoen oholtza nagusia... eta García de Rosendo udal-antzokia, gaueko galaren zain. Ikuskizun ederra gauekoa. Hori bai, Bilbon ez bezala, Evorakoa guztiz portugaldarra: Joao Afonso, Celina da Piedade, Ha Lobos Sem Ser Na Serna eta Luis Peixoto joan ziren oholtza okupatzen, bata bestearen ondotik, inolako aurkezpen barik. Bukatzeko denok, artistek eta publikoak, elkarrekin abestu genuen. Orain gezurra dirudien arren, ondoko harreran -bertoko ardoa guztiontzat- ez nuen apenas inor ezagutzen.                                  
Egun gutxitan Argentinatik, Mexikotik, Kurdistanetik, Estatu Batuetatik eta beste hainbat lekutatik etorritako kazetari eta musikariekin erlazionatu nintzen. Azken gauerako bazirudien denak aspaldiko lagun minak ginela. Badut -nola ez- beste Whatsapp talde bat telefonoan.                                                        
EXIB ez da, oro har,  artista ospetsuentzako azoka. Hor aritzen direnak ehunka eskaera artean hautatutakoak dira. Publiko artean ohikoak dira managerrak, antolatzaileak eta kazetariak. Nik gustukoen izan nituenen artean: Venezuelako C4 Trio, Kubako Mel Semé kantautorea, Portugalgo Karina Gomes abeslari aparta eta Manuel Luna, eskarmentu handiko folklorista gaztelarra, oholtza gainean eta kanpoan jendea poltsikoan sartu zuena. Harrigarria baita ere Kalaka taldearen ekitaldia. Ez dakit Madonna faktoreak zerikusirik izango ote zuen, baina bat batean harrien azpitik sortutako gazteek plaza bete zuten eta dantza egin zuten euren bizitzaren azken eguna izango bailitzan. Aho bete hortz geratzeko modukoa benetan: Iberoamerikako musiken topaketa batean euskaldunak nagusi... hamaika ikusteko jaioak. Egunak pasatu ziren kontzertu, solasaldi eta kronika artean eta gauak... gauak musikaz eta barrez eta amaigabeko afariz bete ziren. Aireporturako itzulerako autobusean, euriak dena “saudadez” betetzen zuen bitartean Evora betirako nire bihotzean geratuko den izen eta oroitzapen ederra izango zelakoan nengoen. Aitak askotan abesten zuen moduan “Ay Portugal por qué te quiero tanto”...                                                                           

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat