2016(e)ko azaroakren 21(a), astelehena

METROAN



Bilborako metroa. Larunbata. Goizaldeko zazpi eta erdiak inguru. Bagoi osoan hogeita hamar urteren inguruan dabilen neska bat eta biok. Nahiko goiz freskoa da hau, ile beltzaraneko neska irakurleak ez du berokia kendu, ezta bufanda ere. Nire begi-bistan dago, baina bost bat eserleku aurrerago.
Didako erabakia hartu dut. Ahalik eta gehienetan metroz joango naiz lanera. Egunero lortzea ez da atariko haizea. Borroka bizi-bizia da hori: loguraren kontra, hotzaren kontra, nagikeriaren kontra... Baina batzuetan, lortu egiten dut. 
Badaezpada ni ere liburuaz armatua nago: Pedro Juan Gutierrezen “Trilogía Sucia de La Habana”.  Irakurtzen ari naizen ipuinean, andre batek ez du iturginari ordaintzeko sosik eta bere gorputz-truke ordaintzea eskaintzen dio. Begirada liburutik altxatzean beste tipo bat bagoian dagoela konturatu naiz. Neska irakurlearen parean eseri da, baina pasilloaren bestaldean. Itxuraz gau luzea izan da berarena. Oinak aurreko eserlekuan jarrita, Morfeoren eskuetan abandonatu da. Uger-geruzak asmaezin bihurtzen du bere zapatilen jatorrizko kolorea. Gazte alternatiboaren traza izan arren, ez du ematen benetako gaztea denik. Habanara berriz. Iturgina bapo kobratzen ari da bere zorra. Beste geltoki bat. Oraintxe sartu den bikote gaupaseroa, gaztea da zinez. Narruzko  jaka beltzez eta minigonaz jantzitako neska eta bularraldea ongi markatzen duen elastikoan estu-estu sartutako  mutila. Diskoteka edo kontzertu batetik datozela esango nuke nik. Nire parean eseri dira, korridorearen bestaldean. Ozen hitz egiten dute. Ipurdiak kolpez jausi dira eserlekuetan eta bestaldean dagoen burusoil alternatiboa esnarazi dute. Aurrean dudan irakurleak begirada arin bat eskaini die eta bide batez, ni ere begiratu nau. Mutilaren ahoskera erabat gogaikarria da. Neskari esaten diona bagoi osoan entzuten da:
-“Nik lagunduko dizut autobuseraino. Ni ez naiz horietakoa. Ni ez naiz neska bat bakarrik uzten duen horietakoa”.
Baina neskak ez du oso ados dagoenik ematen:
-Lasai, askotan egin dut, ez dut laguntzarik behar.
-Orduan ez duzu nire laguntza onartzen...zoaz pikutara...
Minigonako neskak bagoian gauden guztioi begirada beldurti bat eskaintzen digu. Lotan zirudien burusoilak ere buelta ematen du bikotea gainbegiratzeko. Neska irakurleak ere liburutik altxa egiten du bista bigarrengoz, lehenik bikoteari eta gero niri, azterketa arina egiteko. Elkarrizketa ildo beretik luzatzen da. Hasieran badirudi ezagutu berriak direla, baina ezustean neskak eskemak apurtzen dizkit:
-Badakizu maite zaitudala, ez duzu horrela jarri behar...
-Ba horrenbeste maite banauzu emadazu musu bat, hemen, hauen guztion aurrean...
Nire aurreko bidaiariak liburua ixten du.
-Kaka putza! Zuk ez nauzu maite!
Haserre bizian ematen duen mutilak, diru-zorro bat ateratzen du atzealdeko poltsikotik eta labana txiki batekin marra batzuk prestatzen hasten da...
-Aizu... inporta ez bazaizu horietako bat behako nuke nik... lanera noa eta ez nabil oso fin... speed al da?
Burusoilaren eskaintzak, nire harridurarako, baiezko erantzuna lortzen du. Neskak, aldiz, errefusatzen du:
-Ez, nik ez dut nahi, orain nahiago dut autobusean lo egin...
Agertu da nire geltokia. Bagoitik kanporako bidean mutikoaren ahots ezatseginak:
- Utzi bakean, tia!
Kanpoan, beti bezala, munduko metrorik garbieneko nasa eta sarbideak ditut zain.


                  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat