2017(e)ko martxoakren 26(a), igandea

HITZALDI BAT BARTZELONAN




Hitzaldia Bartzelonan. Hango Unibertsitate Autonomotik deitu zidaten: “Bai, Roberto, Spannabis izeneko azokan izango litzateke. Ikusiko duzunez oso jendetsua da, baina mintzaldietan, hain zuzen ere, ez dugu lortu erakargarriak izatea. Aurten profil ezberdineko hizlariak ekartzea pentsatu dugu...”. “Profil ezberdineko” izenen zerrendan, ezaguna egiten zait hau: Amarna Miller, Podemoseko “porno-star”, iragarki bati esker oso ospetsu bihurtu zena, iazko Erotismo Azokan.
Ostegun arratsaldean da hitzaldia eta ostegun goizerako hirian nago. Emakumezko taxilari batek hoteleraino eramaten nau biharko egunik egongo ez bailitzan (edo hobeto esanda, biharko egunik izatea gutxi inporta balitzaio bezala) . “Hotel dulce hotel”. Noizean behin, globalizazioaren seme sentitzea ez dago gaizki. Dutxa ederra hartzen dut , telebistan BBC kanalaren berriak entzuten ditudan bitartean.
Gainerako beste zenbait hizlarirekin geratua nago bazkaltzeko, azokatik gertu dagoen jantoki batean. Egoitza Cornellá auzoan dago, nire buruko unibertsoan “La Banda Trapera del Rio”, “Estopa” eta Jordi Evole-ren jaioterria. Baina Traperoen “Ciutat Podridak” ez du inondik ere horren ustela ematen. Egundoko bulego eraikinez josita dago zonaldea. Geroago, “bloke berdeak” auzoaren bestaldean daudela azalduko didate. Jantokiko mahaian  nirekin bilduta daudenak unibertsitateko irakasleak dira, baina kanpotik ikusita, beteranoen rock talde bat ematen dute. Bost minuturen buruan, badirudi aspaldiko lagunak garela.
Azokan sartzean andrazko hizlariekin biltzen gara. Aurkezpenak, musuak... Ehunka postutan biltzen den jendetza artean, ozta-ozta jotzen dugu aurrera. Edariak, aldizkariak, espartinak, pipak... kalamuarekin zerikusirik duen guztia erakusketa erraldoi batean. Hori bai, stand bakoitzean neska katxarro bat aurre aldean, bertoko  zorabioa areagotuz.
Azkenean entzungelara heltzen gara. Seigarren hizlaria naiz. Marta Trigo, Virginia Montañés eta Amarna Miller “Sexua eta Kalamua” izenburuko tartean daude. Gero gure txanda dator: “Kalamua, Musika eta Kontrakultura”; Antoniu Llort Suárez eta David Pere Martínez Oró hizlariekin batera mahaian.
Hasieratik susmoa dut emakumezkoen gaia askoz erakargarriago izango dela. Sexu tantrikoa, kalamuaren erabilera sexurako... Amarna “aktore porno baino askoz gehiago” bezala aurkeztua da, baina inork ez digu zehazten “askoz gehiago” hori zer den. Bere berbaldiari esker, Kalifornia eta Espainia artean bizi dela jakingo dugu, “porno egiteko drogak ez ditugula erabiliko” sinatu behar dutela eta Kalifornia “gure herrialdea  baino askoz sutsuago dela kalamuaren legalizazioaren aldeko borrokan, Espainia marka zuri bat besterik ez dela”.
Gizonezkoen txanda hasi baino lehenago atsedenalditxo bat. Publikoaren erdia ez da itzuliko. Gurean musika da nagusi. Gure gaiak, antza, ez du aurrekoarekin konparatzerik arreta erakartzeko orduan. Berrogei bat lagun geratzen dira hor, gure txapa entzuteko prest.
Nire hitzaldian, drogen gaiak, trantsizio garaitik hona nolako tratamendua izan duen aztertu nahi dut. Bertoko teknikarien laguntzaz aukeratutako abestiak banan-banan entzuten dira: Los Polares, Los Calis, Eskorbuto, Parabellun...
Bukaeran galdera pare bat eta txaloak. Antolatzaile apartak kataluniar hauek. Atseginak harremanetan,  serioak tratuetan.      



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat