2017(e)ko martxoaren 9(a), osteguna

LARUNBAT INAUTEAN



Etxetik irtetean, kalean inauteriak pil-pilean daude. Egia esan, pozten naiz horrenbeste ume mozorroturik ikusteaz, dagoeneko nik ez baitut ume txikirik etxean. Amaitu dira niretzat burukomin egun horiek: “Ikastolan esan digute Hansel eta Gretelen mozorroak jantzi behar ditugula”, “Aita, zuk badakizu Mielotxinez mozorrotzeko zer egin behar dudan?”...
Umeak gaztetu egin zaizkit eta orain euren kabuz mozorrotzen dira euren jaietara joateko. Atzean gelditu dira etengabeko desfile eta erakustaldiak; azken orduko aztoramenak eta hurrengo egunetan hain ohikoak ziren katarro edo gripeak. Eta atzean geratu da, baita ere, alderik okerrena: “Aita, gainerako gurasoak mozorrotuta joango dira ikastolako festara, zergatik ez zara zu ere mozorrotzen?”. Sentitzen dut, baina, errespetu osoz... gorroto ditut bete beharreko jaiak.
Horrelako matrakak aldera utzita, orain beste lasaitasun batez ikusten ditut besteen inauteri jantziak.
Metroko bagoian algara koloretsu batek lagundurik noa nire geltokiraino. Printzesak eta super-heroiak nagusi dira txikien artean. Nerabeek, beti bezala, gustuko dute taldeka janztea: untxiak hemen, apaizak hor, Asterixen herritarrak han. Nire aurrean eserita Jaungoikoa omen dago, izara batez jantzita, triangelu bat buruan eta keinuka dabilen bihotz argidun batez.
Portugaleteko Errepelega auzoan dago nire jomuga. MCD taldekoek Adimusik musika eskolan jotzen dute gaur. Bizkaiko punk-rock talderik zaharrenetariko bat berriro ikusteko parada. Bertoko auzo giroan maskarada ere nabaria da. Emanaldiaren ikusleen artean moja bizardun bat (abesti guztien leloak taldeko abeslariak baino ozenago errepikatzen dituena), ia bi metroko Angus Young bat, Ramones talde osoa ume txiki jantzian, eta, nolabaiteko Beyoncé bat ere bai... Barre eta topo egite artean, gaua espero nuen baino askoz gehiago luzatu da.
Itzuliko metroan, zenbait ordu beranduago, lehengo alaitasuna eta kitzikapena erabat desagertu dira. Umeen arrastorik ez da geratzen eta orain ez da horren erraza ezberdintzea untxiak edo kanguruak edo tenis pilotak diren, peluxe ziztrin horiek janzten dituztenak. Avatar pelikularen protagonistak Bob Esponjaren lepoan egiten du lo eta bai... hor nonbait ikusi dut lehengo Jaungoikoa, bazter batetan makurturik eta burua belaun artean hondoratuta. Bihotzeko argia amatatu egin zaio.
Biharamuneko sofan, telebista aurrean, mozorroek erortzen jarraitzen dute. Bat batean Donald Trumpi “bere herrialdean bakarrik” agindu nahi duela entzuten diot (baina ez da horren garbi geratzen, zertarako irabazi nahi dituen, bere herrialdetik at antolaturiko gerra horiek guztiak). Aznarrek dagoeneko ez omen du katalanez lagunartean hitz egiten eta euren autonomia bertan behera desegitearen aldeko bihurtu da. José María Gonzalez “Kichi”, Podemoseko Cadizeko alkateak, orain dela urte pare bat antimilitarista sutsua zenak, orain “jateko plater bat mahai gainean jartzea” erabateko lehentasuntzat hartzen du, nahiz eta horretarako, Saudi Arabiarako gerraontziak egin behar izan.
Nik neuk ez dut inolako zerikusirik, atzo horren “alaitsu eta borrokan kementsu” dantza egiten zuenarekin. Nire zigortutako burmuinaren ertzen batetik Celia Cruzek abesten dit berriro ere : “Nooo/ no hay que llorar/ que la vida es un carnaval/ y las penas se van cantando”...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina