2018(e)ko urtarrilakren 22(a), astelehena

NOTAK

Lagun batek gomendatuta, oso esperimentu bitxia ikusi nuen Youtuben. “Nolaparekatzen gara” izeneko dokumentalaren barruan zegoen eta pertsonen arteko sedukzioaren gakoak deskubritzeko asmoa zuen lanak.
Hamar gizonezko eta hamar emakumezko aurrez aurre. Aukeratutako guztiak erakargarritasun maila ertainekoa dira. Guztiak txandal eta bainu-txano ilunak daramatzate jantzita. Zenbaki bana daukate buruan. Batetik hamarrera zenbakituta daude, era arbitrario batean eta honek, froga baldintzatuko du erabat.
Partaide bakoitzak aurrean dituenen artetik bikotea aukeratu behar du. Inork ez daki bere bekokian duen zenbakia zein den.
Aukeraketan bi faktore hauek erabakigarriak izango dira oso: norberari buruz duen iritzia eta bere ustez, aurrekoen artean lortu dezakeen zenbakia.
Azkenean, arrak eta emeak nahiko zenbaki hurbilekin parekatuko dira. Banatutako zenbakiak ausaz jarri diren arren, bat batean garrantzizko bihurtu dira.
Jartzen ditugun notak. Jartzen dizkigutenak. Gure bekokian daramaguna  -edo uste duguna- Hori bai gaia. Eta ez bakarrik gure itxuraren arabera. Saihestezina. Bai, “nik denak berdin epaitzen ditut” esan ahal diogu geure buruari, baina errealitatea beste bat izaten da. Hor daukazu jaioberria, gehienetan hamar handi bat kopetan daukana, berez txikia eta maitagarria izateagatik bakarrik. Hazten den heinean hasierako nota horri eustea oso zaila bihurtuko zaio. Zure edertasuna, zortea, adimena, lorpenak... aldagai ugari daude jokoan zure kalifikazioa hobetzeko orduan. Zahartzarora nota on batekin heltzea oso erronka zaila bilakatuko da.
Egunkaria zabaldu besterik ez duzu egin behar. Hor daude notak, argazkien aurpegietan: Rodrigo Rato, Carles Puigdemont, Patxi López, Inés Arrimadas, Woody Allen, Iñigo Urkullu, Lucía Etxebarría... Orain dela zenbait hilabete beste nota bat izango zuten. Batzuek goranzko bidea eta besteek beheranzko bidea hartu dute. Keinuetan -esango nuke- igartzen zaie “gutxiegi”, “nahiko” edota “matrikula” garaian dauden.       
“Emazteak utzi ninduen, baina gaur telefonoz deika eta deika aritu da”... esan zuen loterian sari potoloarekin saritutako batek. Egun batetik bestera bere puntuazioa izugarri igo omen zen.  
Hor daukagu, esate baterako, Nekane izeneko neska bat. Ezagutu nuenean zortzi  bat zeraman bekokian. Gero kuxkuxero samar zela ohartu nintzen eta bostera jausi zen . Baina geroago Hegoamerikan denboraldi bat igaro zuen eta ekarri zuen orrazkerak zein asetasunak bere kalifikazioa bederatzi arte altxatzera gonbidatu ninduten berriro. Baina atzo harekin egin nuen topo eta oso tipo nazkagarri batekin zegoen, buruan hiru bat sumatu nion hari, ezin saihestu. Nekaneren notak ere behera egin zuen halabeharrez, bost batekin geratu arte.
Bestalde, nire inguruko kideen begietan asma ditzaket jartzen dizkidaten notak. Batzuetan, nire zenbakiek zelan gora eta behera egiten duten susmatzeko gai naiz.
Eta ez, erraz egiazta daitekeenez, heriotzak ez du hau akabatzen. Hildako batek baino gehiagok bere bizitzan amestu ere ezin zezaken nota eskuratzen du. Bat batean gizateria osoa haren onura guztiez ohartzen da.  
Baina mesedez ez hartu hau guztia aintzat. Gabonetako biharamuna da, gaur goizean kristoren pareko zeroa ikusi dut nire kopetan, ispilura begiratzean.

           


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat