2020(e)ko urriakren 29(a), osteguna

ISPILUAK ETA MAKILLAJEA

Orain dela gutxi, lagun on batek bideo bat pasatu zidan. Bideo horretan Marta Carriedo, gaur egun modan omen dagoen “influencer” bat ageri zen hizketan, emokumeentzako makillajea zein garrantzitsua zen adieraziz. Marta oso eskertuta zegoen makillajearen existentziaz, ez baitzekien bera gabe zer egingo lukeen. "Aurpegi beldurgarriarekin esnatu naiz gaur"¬ -zioen bideoan- "Ikaragarrizko begi-zuloak nituen…”. Bideoa honela amaitzen zen: "Zer egingo genuke emakumeok makillajerik gabe? Gizajoak, gizonak, ezin baitira makillatu…". Egia esan ikaragarri poztu ninduen nire lagunak, bideoa ikustean, nigan pentsatu izanak. Askotan hitzegiten dut emakumeok uneoro itxuraz perfektuak egoteko jasaten dugun presio sozialaz, eta, argi eta garbi, Marta Carriedo horren adibide gisa azaldu zen. Gertaera horren ondoren, Interneten trasteatzen ari nintzela, hurrengo titularrak nire arreta bereganatu zuen: "Marta Carriedo influentzerra sare sozialetan makillajearen inguruan egindako adierazpenengatik gogor kritikatua izan da". Nire harridura nabaria izan zen. Mundu guztiak jaso al zuen Martak transmititzen zuen makillajearekiko menpekotasunaren mezua? Badirudi ezetz. Kritika ez zetorren bide horretatik. Kritikaren fokua bideoan aipatutako azken esaldia zen: "Gizajoak, gizonak, ezin baitira makillatu…". Martak jasotako kritiken oinarria hau zen: gizonek ere makillatzeko eskubidea dute. Gertaera hori gertatu eta egun batzuetara, lanean nengoela, antzeko erreklamazio bat entzun nuen. Gizon talde batek enpresak hartutako neurri bat salatu zuen. Neurria honako hau zen: emakumeen komunek bakarrik zuten gorputz-osoko ispilu bat, gizonen komunek ez. Albistea entzun nuenean izugarri poztu nintzen. Erabat ados nengoen erreklamazioarekin. Ispilua emakumeen komunean bakarrik egoteak emakumeok jasaten dugun itxurarekiko presioa sinbolizatzen du. Zergatik eskatzen zaie emakumeei soilik haien burua, behin eta berriro, ispiluan begiratzea? Zergatik dago ispilua emakumeen komunean bakarrik? Berriz ere, nire tolesgabetasuna agerian geratu zen. Talde horren salaketaren oinarria neurria gizonekiko bidegabea zela zen. Emakumeei pribilegio bat eman zitzaien, ispilua izatearen pribilegioa, eta haiek ere gorputz osoko ispilua nahi zuten. Bi gertaera hauen ondoren hurrengo hau etorri zitzaidan burura: Gaur egun emakume askok duten itxurarekiko obsesioaz eta makillajearekiko mempekotasunaz jada ez da hitz egiten. Gaur egun badirudi, itxurarekiko obsesioa izatea aukera hutsa dela eta gizonek aukera horretan parte hartu nahi dutela. Non geratu da uneoro itxuraz perfektuak egoteko emakumeok jasaten dugun presio sozialari kritika? Uste dut ez dela beharrezkoa azaltzea ez bakarrik zilegi, baizik eta primeran ikusten dudala gizonak makillatzea. Zoragarria iruditzen zait haien burua ispiluan begiratzea, eta nahi duten bezala janztea. Izan ere, errealitate hutsa da gaur egun badaudela emakume asko ezin dutenak haien burua makillajerik gabe ikusi. Emakume askok egunean ehunka bider begiratzen dute haien islada ispiluan, uneoro perfektu ikusteko beharra baitute. Obsesio eta mempekotasun hauek izatea ez da aukera hutsa, jaio garenetik itxuraz perfektuak egoteko nabari dugun presio sozial batek eragindako arazoa da. Posiblea da etorkizunean makillajearekiko mempekotasuna eta itxurarekiko obsesioa gizonengan ere zabaltzea. Orduan hasiko gara, agian, arazo honetaz hitz egiten. MAGALI MOSO URKIA

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat