2020(e)ko abenduaren 14(a), astelehena

RAMONES


 Inoiz ez da ikusi, ezta garairik onenetan ere, Ramonesen hainbeste kamiseta kalean. Jende gazte hori haren armarria bularrean ikusten dudanean galdera berbera egiten diot nire buruari: Jakingo al dute benetan zer daramaten jantzita?                                                            Ramones taldeko marka irmotasuna zen. Misil bat bezala sartu ziren gure bizitzan, eta luzaroan ez genuen besterik entzun nahi izan. Lau artaburu, larruzko jakak, bakero apurtuak, betaurreko ilunak, bi minutuko abestiak…ez genuen gehiagorik behar! Zarata, abiadura, alaitasuna, behin eta berriz errepikatzen ziren leloak. One! Two! Three! Four! eta berriz erasora. Salto egiteko erritmoak. Gorputz osoarekin entzuten zen musika, eta ez belarriekin bakarrik. New York urrun eta mitikotik zetozen, baina etxekoak ziruditen. Aleluia! 

Ramone bat izateko ez zen arantzadun eskumuturrekorik edo adats kardaturik behar, nahikoa ziren bakero urratuak, kamiseta zulatuak, larruzko txupa eta "John Smith" zapatilak.  "Ramones" erako banda bat osatu nahi bazenuen, hiru akorde eta abiadura bizia besterik ez zenituen behar.
Tipo itsusi eta serio haiek ez zuten biografia edo eskandaluaren premiarik, ezta rock aldizkarietan elkarrizketa luzerik ere. Irudia trinkoago ematearren
denek abizen berbera izatea erabaki zuten: "Ramone", Paul McArtneyk erabilitako ezizen batetik hartuta -John Ramone-. Taldeko soinu azkar, erraz eta burrunbatsu hura, orain munduko gauzarik normalena dirudiena, berritasun handia zen sortu zenean. Izan ere, hasieran ez zen hain ondo onartu garaiko rockero guztien artean. Askok gogaikarritzat hartzen zuten soinu hori, hirurogeiko hamarkadaren musika sinplea gainditu nahi zen urte horietan. Sortzen ari zen punk hura “makarregia” zen Led Zeppelin edo Pink Floyden predikariontzat. 1981eko irailean, Ramones taldea Anoetako belodromora iritsi zen. Fededun asko eta asko bildu ginen Bilbotik Donostiarako trenean -garai hartan eternitate bat irauten zuen bidaiak-, bizi naizen bitartean ahaztuko ez dudan ekitaldi batera joateko. Ikuskizunak ez zuen ordubete baino gehiago iraun, baina zer ordu! Lehen lerroetan egon ginen saltoka eta talkaka, aurrean genituela sinetsi ezinik. Rock & rollaren izpiritu onenaren kondentsazio hutsa. Denbora pasa ahala jakin genuen: haiek ere bazeukaten beren barne-historia, eta zelakoa! Berriki, Youtuben kuxkuxean nenbilela, haien ibilbideari buruzko lan batekin topo egin nuen. Osorik ikusi eta gero shock egoeran oheratu nintzen. Erreportajea Dee Dee Ramoneren hitz zakarrekin hasten da: "Munduko edozein gaztek eduki nahiko lukeena daukagu, eta ez diogu elkarri hitzik egiten. Nork ulertzen du hori?” Joeyk, disfuntzio-arazoak izan zituen abeslariak, uste zuen Johnyk neskalaguna lapurtu ziola eta, ondorioz, beren ibilbideko azken 17 urteak elkarri hitz egin gabe eman zituzten. Harrezkero giro itogarri bat ezarri zen haien artean. Horrek ez zuen banda zapuztu, baina bai, ordea, elkarbizitza. Tomy bateria-jotzaileak hanka egin zuen, eta Dee Dee, baxu-jotzailea, drogei lotu zitzaien. Oso adierazgarria da euren "Hall of Fame"ko izarra jasotzera joan ziren unea. Johnnyk George Bushi eskaini zion bere izarra. Dee Deek bere burua omendu zuen. Ordurako Joey ez zegoen gure artean. Abeslaria kausa ezkertiarren banderadun bat izan zen; Johnny, ordea, oso kontserbadorea zen. Dokumentalak uzten duen arrastoa nahiko garratza da.                                                                                                                                                   Bada, beti geratuko zaigu Anoeta.

ROBERTO MOSO

 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina