2021(e)ko urtarrilaren 12(a), asteartea

TURISTENTZAKO ARTEA

 

"Artist's Shit" (Piero Manzoni)

Antzina, artea zerbait nabarmena zen. Bazen erretratu bat edo paisaia bat marrazten zekienik eta ez zuenik. Bazegoen eskultura perfektu bat, eta gero gainerako guztiak zeuden, aho bete hortz geratzen zirenak miresmenak jota: “benetakoa dirudi”, “zuri begira dagoela dirudi!”. Arteak eginkizun apaingarri edo errituala izan zezakeen, boteretsuen zerbitzura egon zitekeen edo haitzulo baten horman, baina edozeinek artelanak egiten zituena seinala zezakeen, eta margolan edo eskultura baten aurrean estasiatu zitekeen -edo ez-. Baina begitu, hori aldatu egin da. Orain, artista batek bere kakazaharra potoetan sal dezake, mihise baten gainean masturbatu, edo andregai jantzian auto-stop egitean datzan "performance" batean bizia galdu, Pippa Baccari gertatu zitzaion bezala. Argazkigintza asmatu zenetik, artearen eginkizun nagusia ez da errealitatea islatzea. Gizaseme eta emakume arruntok, horrela, esperientzia artistiko berrietara hurbiltzen gara, askotan gure papera zein den oso ondo ulertu barik.

Hala ere, urtero arte modernoko museoak inauguratzen dira mundu osoan zehar, eta turista asko eta asko haien lanak ulertzen saiatzen gara. Gogoan dut arratsalde euritsu bat, duela urte batzuk. Guggenheimera hurbildu nintzen Andy Warholen erakusketa ikustera. "Marilynen" eta “Campbell zopa potoen”artean nenbilela, ustezko jubilatu talde batekin topo egin nuen, gidari gazte baten azalpenak entzuten. Diskrezioz atxiki nintzen taldera. Taldearen epeltasunak bultzatuta, haietariko batzuk iruzkin "dibertigarriak" egitera ausartzen ziren: "Aizu, eta hori al da benetan artea?” edo "halako txorakeri hori nik ere egin dezaket". Egia esan, gozatzen ari nintzen nire sudurraren aurrean gertatzen ari zenarekin, harik eta gida hura, bereziki aditua ez zirudiena, nire eremu ezagunagoetan sartu zen arte: "Andy Warholek sortu zuen talde baten musika da entzuten ari zaretena. Ez dituzue ezagutuko, ez baitziren batere ospetsuak izan, "La Velvet Underground" zuten izena, eta egiaztatu ahal duzuenez, oso musika arraroa egiten zuten". "Musika? Nik ez nioke musika deituko" gaineratu zuen taldeko xelebreak, trufa-kutsu batez, taldearen algara eta neskaren irribarre konplizea eraginez. "Barkatu”, ausartu nintzen esaten, “joan den mendeko talde garrantzitsuenetako bati buruz ari zara”. Bat-batean dozenaka begi kokatu ziren nire soinean, eta gidariaren mespretxuzko erantzuna entzun ahal izan zuten: "Zu ez zara talde honetakoa, ezta?". Ados, alde egin nuen gaitzespen-marmarren artean, baina pozik nire baitan, egindako "performanceagatik". Zer ikas genezakeen Velvet Underground-i buruz horrela hitz egiten ausartzen den batengandik? Bizitza osoa honelako saltsetan sartuta daraman Luis Izquierdo-Mossok “20 toneladas– Arte Contemporáneo Para Turistas” argitaratu berri den liburuan “arte moderno”esparruan kokatzen diren adierazpen batzuetara eramaten gaitu. Umore onez eta gaiaren ezagutzaz armaturik, sarritan barre, iseka edo ulermen eza -normalean ezjakintasunean oinarrituta- eragiten duten artelanak argitzen laguntzen digu. Beraren hitzekin esanda: XX. mendearen hasieran artearen mugak sistematikoki eraisteko prozesu bat hasi zen eta honek gainezka egin zuen. Artearen itzalak mota guztietako objektuak, egoerak, ekintzak eta gaitasunak kolonizatu zituen, eta bitartekoen eta asmoen nahasmena eragin zuen, norberarenak eta arrotzenak nahasi dituena.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina