2021(e)ko apirilaren 19(a), astelehena

SOLDADUSKA ALUAREN ISTORIOAK


Hogei urte dira derrigorrezko soldaduska desagertu zela. Hogei urte 'untxirik' eta 'birraitonarik' gabe. Hogei urte nobatadarik eta sarjentu 'txuskerorik' gabe. Hogei urte 'soldaduska aluaren istorio' berririk gabe, halako batailatxoak kontatzeko prest daudenak gutxi ez badira ere.     

Urtemuga honen kontura hedabideak oroitzapenez bete dira, eta askotan, mugimendu antimilitaristek izandako papera ahaztu da erabat. Komeni da gogoratzea soldaduska indarrean dagoela Grezian, Austrian, Finlandian, Danimarkan, Estonian, Lituanian, Zipren eta Norvegian, besteak beste. Suediak duela hiru urte berreskuratu zuen, 2010ean kendu ondoren. Beste adibide batzuk Brasil edo Israel dira, non bai gizonek eta bai emakumeek egin behar duten zerbitzua. 1982. urtean, nik ere izan nuen esperientzia hori bizitzeko aukera. Nire ikasketa-luzapena baliogabetuz gero, Gasteizen egiteko aukera izango nuen. Ez nuen bitan pentsatu. Lehen diskoa grabatu berri genuen Zaramakoek eta taldeko gainerako kideekin batera aritzeko aukera zen hura. Kontzientzia-eragozpena erlijio kontua zen, gehienbat, eta intsumisioa ez zen artean existitzen. Askotan esaten da soldaduska 'denbora galtzea' zela, eta egia da, baina ezin uka horrelako esperientzia batetik gauza asko ikas daitekeela. 

Nik, adibidez, hurkoarengan konfiantza galtzen, etxean nuenaren balioa estimatzen edota 'miliziaren balioak' erabat gorrotatzen ikasi nuen. Askotan esaten den legez, lagun minak egin nituen han, bai, baina batzuetan adiskide haiek ia ezezagun bihurtu ziren koartelaren testuingurutik at. Izan ere, ez dago gaizki bizitzan behin hau sentitzea: askatasuna, higienea, kultura, osasuna eta, oro har, 'bizi-kalitatea' deritzoguna, egun batetik bestera desager daitekeela. Gauza bat da zure gurasoek antzinako kontuak kontatzea, eta beste bat norberak gorriak eta bi pasatzea. Ez, soldaduska Ceutan egin ez nuen arren, hurbil egitea ere ez zen panazea izan. Nire hurrengo helmuga Donostiako kuarteleko mendiko brigada izan zen. Besteak beste, Pirinioetan neguan maniobrak egitearen atseginak ezagutu nituen eta mandoen ukuiluetan guardiak egiteko aukera izan nuen. Gure brigadako bi soldadu elektrokutatuta hil ziren istripu izugarri batean, eta beste batek bere buruaz beste egin zuen, tiro bat jota. Hiruretako bat ere ez zen prentsan agertu. 

Utzikeria ergel batengatik, guardia batean, ziegan amaitu nuen eta horrek aukera eman zidan hamabost egunetan zehar nolabaiteko kartzela esperientzia bat ezagutzeko. Haiek «berunezko urteak» ziren; gure agintariak eta soldadu asko paranoia hutsean bizi ziren. Jakina, kantinan beti aurki zenezakeen behar beste alkohol merke, eta trapitxeoak ugaltzen ziren ohatze arteanHamalau hilabete amaigabe haiek nire baitara itzultzen dira aldiro, amesgaizto edo oroitzapen gisa. Ahal nuen neurrian, armak hartzeari uko egiteko adorea izan zutenei lagundu nien gero. Eskertzekoa benetan mobilizazio horietan lortu izana. Batzuetan esaten da soldaduskaren beste bertute bat omen zela jatorri desberdineko jendea ezagutzeko aukera izatea. Hobe Erasmus edo mota guztietako trukeen bidez egitea. 'Soldaduska Aluaren Istorioak' dibertigarriak izan daitezke, bai, baina komikietan.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina