2021(e)ko maiatzakren 5(a), asteazkena

VULPES: GEHIEGI, GOIZEGI

 


Ez zuten ikono feminista izan nahi, ezta ezeren bandera ere. Pistols eta Ramones bezalako taldeak entzuten zituzten auzoko neska rockeroak ziren eta beraien punk-taldea sortu nahi zuten, kito. Egitasmoa 1980ko hamarkadaren hasieran sortu zen, Bilboko Irala auzoan, non MCD taldeak sortu ziren; haiekin era guztietako loturak zituzten.

Loles eta Lupe Vázquez ahizpak bateria eta gitarra, hurrenez hurren, Mamen Rodrigo ahotsa eta Bego Astigarraga baxua. Hilabete batzuetan beren lehen maketa grabatu zuten, kantu punkero eta aldarrikatzaile sorta bat, baina umore garratzez betea: «Inkisizion», 'Punkies de Plástico', 'Maria, Dulce Maria'... Garai hartan, tokiko irratsaio batzuetan eta Muskaria aldizkarian asko hitz egiten zen haietaz. Ikusteke zegoen nola funtzionatuko zuten zuzenean.

Leioako Unibertsitatean ikusi nituen lehen aldiz. Lekua, goizeko ordutegia eta publikoa ez ziren aproposenak punk-rock kontzertu bat gozatzeko, baina agian horrexegatik, probokazioak inoiz ez bezala funtzionatu zuen. Garai hartako jaialdi erdi inprobisatu haietako bat zen hura. Lehen abestitik argi geratu zen, mezu hura barneratzea, zailegia zela, bertaratutako gehienentzat. Haietako askok ez zuten punkaren aditzerik ere. Laster hasi ziren tontolapikoen graziarik gabeko graziak. Baina neskak ez ziren makaldu, ezta haserretu ere, emetasun ezberdinez betetako kantu harrigarri haiek deskargatzen zituzten, memeloak barregarri uzten zituztela. Nerabe batzuk ziren, munduari oihuka esanez beren anaiak bezain askeak izan nahi zutela, eurek ere gauaz gozatu, festan parte hartu eta dantza egin nahi zutela. Neskei hainbeste kalte egiten zien «maitasun» kontzeptu horretaz ozen trufa egin nahi zutela. Hilabete batzuetan, jotzen zuten leku guztietara joan ginen haiek ikustera, haien agertze hutsak eskemak apurtzen zituen nonahi… eta orduan eskandalua lehertu zen.

1983ko apirilean, taldea Euskadiko rockzaleen artean ezagunak izatetik Espainiako egunkari guztietako azalak betetzera pasatu ziren. Carlos Tenak zuzentzen zuen «Caja de Ritmos» saioak atal bat grabatu zuen Bilbon eta parte hartzera gonbidatu zituen. «Me Gusta ser una Zorra» abestia grabatu zuten: «Si tú me vienes hablando de amor/Que dura es la vida, el caballo me guía/permíteme que te dé mi opinión/Mira imbécil que te den por culo». Estatuko Fiskaltza Nagusiak euren kontrako kereila jarri zuen «eskandalu publikoa» leporatuta. Hortik aurrera dena zentzugabekeria huts bihurtu zen. Gaur egungo ikuspegitik, harrigarria da Rosa Montero, Camilo José Cela edo Francisco Umbral -beste askoren artean- lumen iritziak irakurtzea. Guztien artean munstro bat sortu zuten, egiarekin zerikusirik ez zuena.

Absurdoa halako moldez hazi zen, non haien emanaldiak zirku bihurtu baitziren. Gertaerak gainditu egin zituen eta banda desegin egin zen. Une hartan, ezkerra soslaiz jarri zen gaiarekiko, eta garaiko feminismoa, Lolesek ondo gogoratzen duenez, ez zen haiekin identifikatuta sentitu. Orain batzuek eta besteek etengabe aldarrikatzen dituzte. Badirudi azkenean justizia egin dela haiekin. «Too Much Too Soon» -«Gehiegi, Goizegi»- Johnny Thunderesen kantuaren adibide ezin hobea izan ziren neska berritzaile haiek.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina