2025(e)ko urtarrilaren 29(a), asteazkena

LONDON CALLING ELEBERRITIK HARTUTA.

 


Zaramaren kontertua ikusi zuten distantzia zentzuzko batetik, neskek hala eskatuta, ez oso urruti, ondo entzun eta ikuskizuna gozatzeko, ez oso hurbildik, pogoak eta bultzakadak ekiditzeko. Santurziarren kontzertua guapo egon zen, punk doinu zuzenak nagusi, Egunaz, gabaz, arratsalder, zeta eta jeep eta tanketagaitik, bildur naiz, reggeari tartea utziz zenbait unetan, Gau ondoren heldu zen goiza, kaleak gorriz tindatuak, lelo itsaskorrak guztion ahotan, Beti galdetzen nabil, zaramaren erdian, hemendik nola ateratu... guzti-guztiak euskaraz, kantaria gehientsuenetan zaleei gaztelaniaz zuzendu arren, akaso oholtzaren aurrealdean bildutako punkar kuadrillak ulertuko ez ziolako ustean, uste okerrean, uste ustelean.

Azken akordearen oihartzunarekin batera, txosnarantz egin zuten lagunek katxi berriak eskuratzeko asmoz, ahalegin handiz, ezen jendetzaren artean bidea zabaltzea, bidezidortxoa sikiera, ez baitzen egiteko samurra. Helmugara iritsita, ukondoak baliatu behar izan zituzten nola edo hala edaria eskatzeko, oholtza gainetik kantatu berri zutenez, goazen borrokara!

Hurrengoak ikusteko aurrerago joan beharko dugu, esan zien Josuk lagunei, katxiak eskurik esku zebiliza, ikusiko duzue, brutalak dira!


"London Calling" izeneko liburutik hartuta. 

Musika asko sartu du Goio Ramosek Zubikarai beka irabazitako bere estreinako eleberri honetan: taldea eratu, kideak topatu, abestiak sortu, kontzertuak bilatu, maketa bat grabatu... Baina rock'n'rollaz gain presente daude nobelan garaiko gertakariak, pil-pilean zegoen gizartea, droga, politika, gatazka sozialak... baita lehen amodioaren txinparta ere, uste baino gehiago kixkaliko duen sugarra.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina