2025(e)ko azaroaren 9(a), igandea

HAU BAI DELIRIOA


 Laurogeiko hamarkada azken txanpara iritsi zen. Kortat-tsunamiak masa-fenomeno bihurtu zuen urte gutxi batzuk lehenago gaztetxeko eta frontoiko underground-a zena.

Tarta  banatua zegoela zirudien, eta Euskal Hernia bezalako eremu txiki batek ezin izango zuela fruitu gehiago eman. Ez, behintzat, ezagutzen ziren formulak errepikatu gabe. Eta orduantxe hain zuzen,  iritsi zen maketa hura.

Ez dakit nola iritsi zen nire eskuetara, baina bai lehen aldiz entzun nuen tokian: Radio Euskadiko gauetako ordu nagusiak betetzen zituen saio sinestezin hartan izan zen: Pablo Cabezaren "Alguien te está escuchando". Soinu eferbeszente hura, Mutrikuko euskarazko testuak botatzen zituen sudur-ahots hura...

Hiru kantu aski ziren entzulea harrapatzeko, soinu horrekin, letra horiekin, ahots horrekin ... maitemintzeko. 

"Asko", "Kontuz" eta "Porky". Lehenengoak orain batzuek berreskuratu nahi duten soldaduskan kokatzen zen . Bigarrenak espazio propioaren aldeko aldarria egiten zuen eta hirugarrenak Ajuria Enea okupatzeko "Porky" txerritxoaren hautagaitza aurkezten zuen. Izenburu laburrak power trio baterako, norbaitek "Kantauriko Sex Pistols " bezala definitu zuena. Etiketak makalak izan ohi diren arren, definizio hura ez zebilen oker. Delirium Tremens basatiak eta apartsuak ziren, hala nola Saturrarango olatuak eta haien eszenaratzea, Andoni Basterretxea buru zutela, ezin erakargarriagoa zen.

Behin baino gehiagotan ikusi nituen lehen sasoi hartan. Maitasun handiz gogoratzen dut igande arratsalde hura, Bilboko Gaztetxean eta beste bat Aste Nagusian, "tokiko bandak" atalean.Behin eta berriz entzungai ziren gure garaiko santurtziar gordelekuan, "La Herradura" (La Herra guretzat). "Kontuz, hemen ibili behar naiz" esaldia mantra bat bezalakoa zen gure eguneroko txantxetan.

Gero, askotan gertatzen den bezala, arrakasta handia etorri zen. Bandak Iñigo Muguruza handia fitxatu zuen baxu jotzaile bezala eta bere lehen albuma misil bat bezala funtzionatu zuen. Haren soinua eta eszenaratzea nabarmen hobetu ziren, baina jada ez zen gauza bera. Gogoan dut Plaza Berrian bolo-bolo ibili ginela, sardinak latan bezala.

Hala ere, argitaratzen ari ziren kantu ugariez gozatzen jarraitu genuen: Boga Boga, Ezin Leike, Ni Naiz Naizena, Sua, Ikusi eta Ikasi...

1991n bat-batean desegin izanak harritu ninduen, eta are gehiago kantu indartsu horrekin agertokietara itzuli izanak: Ordago, bideoklipean ematen diren bezalako zaplasteko  ederra ematen ziguna.

Hilaren 29an Deliriumek agur esango dute berriro eta oraingoan beraiekin agertokia partekatzeko zortea izango dut. Lehenengo JAN! talde berriarekin egingo dut, Bilboko Santana 27 aretoan ikuskizuna irekitzeko ohorea eskaini baidigute. Geroago, Tontxu eta biok haiekin batera igoko gara taula gainera, Gasteizko Gaua abesteko. Abesti horretan, 1976ko sarraskia gogoratzen dugu, greban zeuden bost langile  hil baitzituzten inongo epairik gabe. 

Beraz, hemen gaude, boloa prestatzen gaztetxoen ilusioarekin, Deliriumi bihotz-bihotzez eskerrak ematen aukera hau eskeintzeagatik. 

Hau bai delirioa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina