2013(e)ko martxoakren 12(a), asteartea

HIRUGARRENEAN AIDANEZ

Gertatzekoa zen. Hirurogeigarren hamarkadako gazteak, Beatles eta Rollingekin hazi ginenak, frankismoaren azken ziztadak ezagutu genituenak, berrogeita hamargarren urtemugako “marra gorria” gainditu beharrean geunden. Hori da normalean gertatzen dena, ez bazara beste horrenbeste bezala, bidean geratzen.
Gure belaunaldia, hainbeste soziologok azpimarratu duen legez, gazteriaren gorespenarena izan da. Musikan, literaturan, zinean, artean eta modan izan den fenomeno mordo batek gaztetasun-labela izan du. Are gehiago, heldutasunaren eta zahartzaroaren mesprezua ere ez da falta izan.
Azken bolada honetan ordea, behin eta berriz errepikatzen ari den gertakari bitxia dugu: zahartzaroan lortzen den arrakasta.

"Searching For Sugar Man" pelikularen irudia

Azkeneko Sundance Film Festival-eko sarituenen artean gurera heldu den pelikula dugu: “Searching For Sugar Man”. Dokumental honetan Sixto Rodriguez abeslari eta konpositorearen ibilbide aparta kontatzen zaigu. Diskoetxeak apustu egin zuen haren alde hirurogeigarren hamarkadaren bukaeran. Kritikari guztien iritziz epe luzeko karrera izango zen berea. Dylan eta antzeko kantautoreekin alderatzen zuten. Baina aurreikuspen baikor horiek ez ziren bete. Ekoizle batek sei diskoren salmenta aipatzen du. Sixto Rodriguez inolako arrastorik utzi barik desagertu zen. Porrotaren zama -agian- betirako bizkarrean.
Baina batzuetan, gertatzen dira mirariak. Inork zehatz-mehatz nola gerta litezkeen jakin gabe, jatorri hispanoko abeslariaren kantu ederrak izurrite antzera zabaltzen dira herrialde osoan zehar, ezinbesteko galdera sorraraziz: Non dago Rodriguez?
Eta hor dator dokumentalaren mamia: batzuek bere buruaz beste egin zuela diote (gainera oholtza gainean), beste batzuek urrutiko baserri batean kokatzen dute... Rodriguez agertuko da, nola ez, bere bigarren aukera eder hau bizitzeko asmoz.
Ez da hau, ez, kasu bakarra. Askok ikusi genuen nola “Seasick Steve” izeneko aitonak jendetza gaztearen bihotzak gal-gal jarri zituen BBK Live makro-jaialdian, bere bizitzaren denborarik gehiena “homeless” igaro ondoren.
Antzeko zerbait gertatu zen Chavela Vargasekin, munduko antzokirik ospetsuenak bete zituenarekin, Almodovarren soinu bandetan agertu ostean.
Gurean, aipatzekoa da, baita ere, Kaxiano Ibargurenen gertaera: Itsu geratu zen, barrena galdu baten leherketak eraginda eta bere afizioa, soinua jotzea, ogibide bihurtu zuen. “Zorionak” eta “Itsasontzi baten” abestiak, besteak beste, parranda askotan derrigorrezko bihurtu dira.
Baina denetan hunkigarriena, agian, orain dela hamar bat urte Kubatik ailegatu zitzaiguna: “Buena Vista Social Club”, Wim Mertens-en dokumentala. Hor agertzen ziren guztiek ezagutua zuten nolabaiteko arrakasta beren gaztaroan, baina zahartzaroak betiko bolero eta guaratxeei ematen zien kutsu berezia, pelikula eder horren mami suertatu zen. “Chan Chan”, filma honetako kantu nagusia, “Compay Segundok” konposatu zuen laurogei urte zeuzkala. Ez dezagun ahantz: “Asko daki zarrak, erakusi bearrak”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat