Txikitan galdetu besterik ez dugu
egiten. Aitatasuna eta amatasuna bizi izan dugunok ondo dakigu hori. Esaldiak
osatzen ikasten dugun bezain laster, galdetegia sortzen da. Alde batetik jakin-nahia
gure izaeraren baitan dagoelako, eta, beste alde batetik, akaso, adituen arreta
lortzeko erarik onena dela ohartzen garelako.
Zein ez da urduri jarri ume baten galderen
aurrean? Txikiak gupida gabeko itaunketak egiteko moldatzen dira: “Aita, zein
da indartsuago, elefantea ala tigrea?”, “Zergatik egiten du euria?” “Zergatik zahartzen
gara?”, “Polizia ona al da?” “Horren txarra bada zergatik erretzen duzu?”…
Atsotitzak dioenez: “Ume baten itaunei ezin hamar jakintsuk erantzun”.
Lehenago edo beranduago buruko mina saihestu
nahian, denok gezur berbera esaten diegu: “Oso txikia zara hori ulertzeko, hazten
zaren neurrian, konprenituko duzu hori guztia, laztana”.
Baina hazten garen neurrian, benetan
gertatzen zaiguna guztiz kontrakoa da. Galdera potoloak potolotu egiten dira gu
zanpatzeko gauza bihurtzeraino. Zeintzuk gara? Nondik gatoz? Nora goaz?
Bakarrik al gara unibertsoan? Zientziatik at kokatzen bagara, oinarririk gabeko fedea eta sineskeria
ditugu. Zientzia-gunera bakarrik erantzunen bila bagoaz, munduko burmuinik
argienek Sokratesekin batera maiz esango digute: “Dakidan bakarra da ezer ez
dakidala”. Adituen arabera, Higgs bosoiaren aurkikuntzarekin, esate baterako, erantzuten diren galderak,
sortzen direnak bezain oparoak dira.
Baina hauek ez dira izaten egunez egun
kezkatzen gaituzten galderak. Gure eta gutarikoen etorkizuna izaten da gehien
bat galdetegiaren ardatza: Lortuko/mantenduko al dut lana? Lortuko/mantenduko
al dut maitasuna? Lortuko/mantenduko al dut etxea?...
Hots,
galderak egitea gure izaeran dago. Izan ere lanbide batzuek ez lukete zentzurik
edukiko galdera barik: epaile, polizia, mediku...
Kazetaritzan,
azken urteotan “galderik gabeko prentsaurrekoak” ugaldu dira. Ana Botella eta
Alfredo Perez Rubalcaba ere sartu dira berriki zerrenda luze eta lotsagabe horretan.
Profesionalen artean 10.000 sinadura baino gehiago bildu baziren ere, oraindik
ere ez da batere ezohikoa entzutea sarrera madarikatu hori: “Gaur ez da galderarik
onartuko”. Ildo beretik gero eta maizago entzun daitezke honelako erantzun
harroputzak: “Hori ez da gaurko gaia, beraz, beste galderarik?”. Antza denez, zenbait
ordezkarik, haien lorpenen bozgorailutzat hartzen gaituzte.
Ez dio lanbideari
mesede handirik egiten, ezta ere, Jesus Hermidak eta erregeak eskaini zuten
ikuskizunak. Oprah Winfrey izena entzuten dugunean, askotan “izen handiko
kazetaria” edo antzeko izendapenak dira lagungarri, baina kasu honetan Hermidarekin
konpara daitekeena Armstrong bera dugu. Aurretik moldatutako elkarrizketa ez da
benetakoa, txirrindulariaren tour-garaipenen antzera.
Orain,
galderak egiteko zuen txanda, mesedez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina