2013(e)ko martxoaren 26(a), asteartea

IKUSGAIA ETA IKUSGAITZA

Pentagonoren kontrako erasoa Irailaren 11an
Joan den Irailaren 11 dela eta, hor egon dira berriro ikusgai dorre bikien aurkako erasoaren irudiak. Nahitaez, hori da gure memorian grabatua geratu dena. Pentagonoaren kontrako antzeko sarraskia (politikan are garrantzitsuagoa, agian) ahultzen doa urtez urte telebistetan. Hirugarren hegazkin hori, Pensilvanian jausitakoa, badoa poliki-poliki albistegietatik desagertzen. Edonori galdetzen bazaio data hartan zer gertatu zen, “Dorre bikien atentatua” erantzungo luke. Bush presidentearen garaian Pentagonoaren kontrako atentatuen irudiak argitara atera ziren, baina egun hauetan nekez ikusi ditugu. Ez dute ez kalitaterik ez hunkitzeko ahalmenik.
Irudiaren garaian, jakina, gudu-zelaian baino, bideoetan irabazten dira gerrak. Hori horrela hasi zen gertatzen AEB eta Sobietar Batasunaren “guda hotzean” eta denborarekin poderioz areagotu besterik ez du egin.
“The Kennedys” telesaioan erakusten zitzaigunez, John F. Kennedyk egundoko porrota jaso zuen Bahia de Cochinos-eko lehorreratzea baimendu zuenean. Askoz ere bizkorrago agertu zen zenbait hiritar ekialdeko Berlinetik ihes egiten hasi zirenean. Bere aholkulariek “Stasi” poliziaren sarraskien irudiak erakusten zizkioten, erantzun azkar baten eske. Presidenteak erantzunik mingarriena ikustatu zuen, argi eta garbi, “eraman pelikula hori telebista-kate guztietara, hori da egingo dugun bakarra”.
Berriki munduan izan diren gatazkarik nabarmenenetan, irudien erabilera guztiz erabakigarria izan da iritzi publikoaren batailan. Denok ikusi genuen Sadamen estatuaren jaitsiera Iraken edo Buda Imajinaren leherketa Afganistanen, baina ez dakigu zehatz-mehatz nolakoa izan zen Bin Ladenen heriotza. Jakin izan dugu, baita ere, Kuwait berreskuratzeko gudan zenbait irudi moldatu edo antzeztu zirela: petrolioz kutsatutako ubarroia edo irakiar soldadu belaunikatuen errendizioa, besteak beste.
Zorionez, sarritan hau ere, xakeleko telefonoetako kamerak eta Interneteko bat-batekotasuna, zenbait abusu salatzeko tresna bihurtu dira. Horiei esker jakin izan dugu Sirian matxinada gertatzen ari zela edo Irakiar presoen tortura eta apalkuntzak.
Beste kontu bat da zinearena. Hor bai eraiki daitezke, izan diren eta izan ez diren gertaerak. Ezinbestez Bigarren mundu-gerra, Vietnamekoa edo “Mendebaldeko konkista” behin eta berriz ikusten ditugun pelikulei loturik daude. Bai, badira beste bertsio batzuk ere, Hollywooden egiten direnez aparte, baina zorte handiz zaleentzako zinemaldi ezkuturen batean izango dituzu ikusgai eta jakina, baliabideak oso bestelakoak izango dira.
Formatu txikiko gerretan ere irudiak arma ezin hobeak bilaka daitezke. Olvido Hormigos zinegotziaren afera azken eredu bitxia izan daiteke. Baina ez da azkena izango. Ez ahaztu: zugandik hurbil, kamera bat dago.
Hamaika ikusteko jaioak gara. Bai zera. Eta beste hainbat sekula ez ikusteko ere.  
  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina