“Politika
handia errebindikatu nahi dut, bere duintasuna eta balioa azpimarratzeko letra
larriz idatzi ohi duguna. Gobernutik nahiz oposiziotik interes orokorrean eta
hiritarren
ongizatean
arreta jartzen duena. Pertsonak aurrez aurre jartzearen ordez, eta
dibertsitatearekiko errespetua oinarri izanik, komunean duguna integratzen
duena”.
Horrelaxe, hitzez hitz,
idatzita dago Juan Carlos erregearen etxeko web-gunean, Eguberriko mezuaren
itzulpen gisa. Argi azaltzen ez den arren, gutxi gorabehera askok ulertu duguna
honelako zerbait izango litzateke: “Kataluniako autodeterminazio bozketa,
trantsizio garaian erakutsi zen batasun izpirituaren bidez saihestu behar da”.
Orain “letra larriz"
idazten den politika egin behar omen da, egoera bera ere larria denean. Letra
xehez idatzi da askotan, ordea, larrizko hitz hauek entzun baino lehenago.
Trantsizio garaian mahai
gainean geneukana zeharo ezberdina zen. Ekonomia mailan harremanak izan arren
politika esparruan Espainia estatu bakartua zen. Portugaleko Krabelinen
Iraultzaren ondotik, mendebaldeko Europa osoko diktadura bakarra. Marokok
izandako espainiar Sahara inbaditu zuenean oso argi zeukan hau. Hil edo biziko gauza zen demokrazia
parlamentarioa antolatzea eta bai erregea, bai alderdiak –komunistak barne-
erantzun bikaina emateko gai ziren. Estatu-kolpearen saioak porrot egin ostean
Joan Karlosen sinesgarritasun demokratikoa zeharo finkatu zen.
Garai hartan demokrazia hitzak
hainbesteko ospea zeukan, non denon ahotan baitzegoen. Francok berak “demokrazia
organikoa” deitzen zion bere autarkiari. Hautestontziak ziren gure salbamendua
eta aukera guztiak hautestontzietan sartzean zetzan arrakastaren giltza.
Orain mahai gainean daukaguna
erabat ezberdina da. Hitz potolo horiek erabiltzen dituenak bere herriaren
errespetu maila ona galdu du zenbait zaletasun agerian geratu ostean, eta
ustelkeriaren susmoa bere etxeraino ere heldu da. Generalitateko gobernuak
2014. urterako erreferenduma iragarri du gehiengo soberanista lortu ondoren.
Madrildik entzuten den erantzun bakarra: Konstituzioak ez du baimentzen.
Katalunian gertatutakoa ere
letra xehez idatzi da. Zapaterok ozenki aldarrikatu zuen: “Kataluniako
parlamentutik ateratako estatutua onartuko dut!”, gero haren alderdikide
Alfonso Guerrak harro zehaztu zuen: “Nos hemos
cepillado en el congreso el Estatut como un carpintero”.
Artur Mas ere, dudarik ez,
letra txikiko politikaz baliatu da bere porrotak Madrili bizkarreratuz.
Orain “letra larrien” garaia
omen dator. Batzuk ez dakigu zehatz-mehatz zertaz hitz egiten ari garen:
Konstituzioa erabiltzea legearen ar-lauzkak izango bailiran? Erreferenduma
Espainia mailan antolatzea Felipe Gonzalezek botoa eman dezan? Legearen pisua azken
hariraino eramatea? Akordio orokor bat lortzea Estatua
federal
(edo) bihurtzeko?
Nolanahi ere, trantsizioan
bezala, hautestontziek eduki beharko lukete azken hitza. Tranpa egin barik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina