2013(e)ko martxoaren 1(a), ostirala

POLITIKAREN ALDE


Ceaucescu eta bere emaztea


Errumaniara egin nuen bidaia 1984. urtean. Ceaucescu zegoen boterean eta kazetarientzako txangoa izan zen hura, ustez sistemaren onurak erakusteko. Benetako herrialde komunista nolakoa zen ikusteko aukera izan nuen eta egia esan etsipen galanta eragin zidan. Jendeak guztiz beldurtua zirudien. Inor ez zen inorekin fidatzen eta eskupekoak nagusi ziren bizitzaren arlo guztietan. Bidaiako gidaria, gazteleraz ederki egiten zuen neska atsegin bat, honela aritu zitzaigun:
- Alderdi komunista da hemen agintzen duena. Horrela gobernuan prestatuenak bakarrik daudela bermatzen da.  
Orduko Robertok, gaur egungoa baino are babaloreagoak, honela galdetu zion:
- Eta nola dakizue zeintzuk diren prestatuenak?
-  Edonon, prestatuenak notarik altuenak lortzen dituztenak dira -esan zidan samurtasun punta batez-.
Zenbait egun geroxeago ikusi egin nituen. Sibiu hiriko hotel batean, inork janzten ez zituen trajeak jantziz, tabako iparramerikarra erretzen eta Pink Floyden musika entzuten. Alderdi Komunistaren Batzar Nagusia zen, klaseko ikastunentzat bakarrik.
Urte gutxitan “larjakin” horiek amildegiraino eramango zuten haien herria. “Jantzien” erregimena ustelkeriaren erresuma besterik ez zen.
Askotan datorkit burura hori guztia inor “teknikarien” gobernuen alde mintzatzen entzuten dudanean. Hitler-ek berak, bere “Mein Kampf” panfletoan demokrazia parlamentarioari leporatzen zizkion bere herriaren hondamen guztiak. (Bide batez, eskola guztietan irakurri beharko lukete, benetan ari naiz). 
Politikaria, gutxien baloratua den lanbidea da gurean. Kontsumitzailea Ikertzeko Sozietateak (GFK) iaz nazioartean egindako inkestaren arabera, Espainian gainerako herrialdeetan baino onarpen txikiagoa dute (% 11). Estatu Batuetan, esate baterako, gutxien balioetsitakoen artean daude baita ere, baina populazioaren  % 23ren babesarekin.
Gure klase politikoaren kontra edozein basakeria esatea, “cool”ena bihurtu zaigu. Orrialde hauetan Alberto Vázquez-Figueroa idazleari berriki irakurtzen genion: “Gaurko politikarien txarrena ez da lapurtzen dutena, baizik eta lapurtua, egin duten gaiztakeriaren ehunena dela”, “horietako asko herriko plazan urkatu behar lituzkete” bukatzen zuen. Ez da salbuespen bitxia. Sare sozialetatik hedatzen diren mezuetan, eguneroko kontua da ordezkarien kontrako harrikada. Normalean ez da bereizten batzuen eta besteen artean, eta azkenik, geratzen den konklusioa antzekoa da: Politikariak gaizkileak dira eta gertatzen ari denaren errudunak. Hainbestekoa da sortu den kontrako giroa ezen bertoko alderdiko agintariren bati politikarien aurkako hitzak entzun dizkiogun, munduko gauzarik zentzuzkoena izango balitz bezala.
Ez naiz ni izango, ez eta hurrik eman ere, politika dela medio poltsikoak bete direnen defendatzailea, baina historian zehar zerbait ikasi badugu honako hau izan liteke: hiritarrek aukeratu dituzten politikarien alternatiba, beste zenbait boterek jarritakoak dira. Populismoa eta “teknokrazia” totalitarismoaren lagun minak izaten dira eta nagusi egiten direnean txantxak errotik erauzten dira. 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina