2013(e)ko otsailaren 27(a), asteazkena

PRIPIAT , HIRI MAMUA


Munduan Springfield-en tankerako leku bat baldin bazen, hori Pripiat zen. The Simpsoms familiaren herria legez, Pripiat ez zen hiri handia, ez herrixka. Populazioa oso gaztea zen (30 urtekoa batez beste) eta langabezia arrastorik ez zen inondik sumatzen. Gizakiaren neurrira eraikitako hiria:  etorbide zabalak, jolas-parkeak nonahi, hamar kirol-areto, hiru igerileku, bi estadio, ongi hornitutako ospitalea, eskola eta biblioteka bana auzoetan.

Sobietar Batasuneko harribitxi bat zen Pripiat.  Ipuinetako bazter honetan soldatarik gorenak zituen eta bere fundazio egunetik, 1970ean izan baitzen, den-denek zekiten zentral nuklearrari esker zela posible hori guztia. Izan ere, Txernobyleko langileentzat diseinatu zen hiria hasiera batean.

1986ko apirilaren 26n Ivan Chémizovek 26 urte zituen. Estatuak babestutako pisu batean bizi zen, emazte eta alabarekin.  Baxua jotzen zuen jazz talde batean eta buru belarri entsegutan ziharduen taldekideekin, maiatzaren leheneko ospakizunetarako prestatzen. Aparteko data horretarako jolas parke berri bat inauguratuko zuten, noria erraldoi eta guzti. Ivanek honela gogoratzen ditu bere bizitza betiko aldatu zuten orduak:

“Ohean nengoen irakurtzen, goizaldeko ordu bata inguruan, trumoi antzeko burrunba entzun nuenean. Orduan ez nuen ezer susmatu. Ekaitza izango zelakoan loak hartu ninduen. Larunbatean jakingo genuen laugarren erreaktorea lehertu zela.    

Hurrengo egunean nire bost urteko alabarekin paseoan atera nintzen. Langile batzuk kale garbiketan ikusi genituen baina inork ez zigun esan erradiazioaren eraginpean geundela. Igandean, goizeko hamarretan, ebakuatu egingo gintuztela iragarri ziguten. Egun hartan, arratsaldeko hiruretan 1.500 autobus etorri ziren Pripiateko 50.000 biztanleak kanporatzearren. Hiru eguneko gauza izango zela esan ziguten. Gero inguruko herrixkatan banatu gintuzten, baina horietako askotan baserritarrek mehatxuka jaso gintuzten, ez zuten nahi kutsatuekin nahastu”.  

Ivanen testigantza da, Pripiaten bertan eman baitzuen duela gutxi, zenbait kazetarirekin eta auzokide izandakoekin hirira itzuli zenean. Bere “Springfieldeko” bizimodu eroso eta lasaitik zuzenean infernura: hilabete asko pasatu ziren beste pisu bat Kieven emango zieten arte. Zonalde kutsatuan jarraitu behar zuten elizatan kontzertuak emanez Txernobyleko “likidatzaileentzat”,  ez zeukatelako beste ogibiderik eta zortzi urterekin alaba minbiziz hil zen.

Orain Pripiat berriro modan dago. “Chernobyl diaries” beldurrezko pelikulak nerabez betetzen ditu zine aretoak eta erradiaktibitatea beste edozein lekutan baino 12 aldiz handiagoa bada ere, Ukrainako gobernuak kontrolatutako bisita turistikoak baimendu ditu. Hiroshiman botatako bonben erradiazioaren  halako 500  jaso zuen hiriak. 24 milurteko pasa beharko dira guztiz desagertu arte.

Natura jaun eta jabe egiten da egunez egun, paradisu izandakoan. Gizakiak onena eta txarrena asmatzeko lekukotasun isila.  Betiko geldirik geratu zen noria Garoñan. Barkatu, Pripiaten esan nahi dut.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina