2013(e)ko martxoaren 18(a), astelehena

SOSEGUZ KORRIKA

Iñaki Gorostidiren saltokia. Argazkia: Iñaki Bastarrika
Bi urtez behin ohitura bihurtu zaigunez, Euskal Herrian zehar lasterka egiten den KORRIKA ekimena abian dago. Gezurra dirudien arren hamazazpigarrena dugu, 1980. urtean sortu zenetik. Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) jarri zuen martxan eta garai hartan inork gutxik imajina zezakeen horren arrakastatsu eta iraunkor suertatuko zenik. Hiru urte lehenago, 1977. urtean, hasi nintzen ni euskara ikasten. Ikasle batzuen artean Santurtziko Institutuan EKT (Euskal Kultur Taldea) antolatu genuen, besteak beste, euskara klaseak jasotzeko. Ez zen erraza izan. Zuzendariak ez zigun inolako laguntzarik eskaini. Bai antolakuntza, bai irakaslearen kontratazioa, gure kontu ziren eta dena zen arazo, gelak eta ordutegi aproposak lortzeko. Garai hartan ez zegoen batere argi horren hizkuntza baztertua ikasteak etekinik ekar ote zezakeen lana lortzeko orduan. Ikastaro hori egiten geundela ez genuen horrelako kalkulurik egiten. Ikasten genuen ikasi nahi genuelako. Egia da, baita ere, hori guztia korronte baten barruan zegoela. Gutariko askok hizkuntza ikastearekin batera, kaikua janztea eta ikurrinaz jositako pegatinak erakustea erabaki genuen. Nolabait ere modan zegoen, bai. Modan jarri zen ordu arte debekatuta zegoen guztia, baina batez ere, eragile nagusi genuena erromantizismo hutsa zen: hiltzear zegoen altxorra salbatu behar genuen. Orduan hasi ginenon artean, batzuk moldatu ginen aurrera jarraitzeko eta hitz-egiteko gaitasuna lortzeko; beste batzuk, aldiz, aspertu ziren edo nor-nori-nork-eko itsasoan hondoratu ziren betiko. Neu, behin baino gehiagotan huts egiteko zorian egon nintzen. Zarama taldearekin euskaraz kantatzeko determinazioa erabatekoa zen une kritikoetan. Ondorengo urteetan euskaltegi eta barnetegien giroa ezagutu nuen. Han biltzen ziren alfabetatu nahi zuten euskaldun zaharrak, euskaldundu nahi genuen erdaldunak eta lan-arrazoiengatik beren burua euskara ikastera behartuta ikusten zutenak. Denbora pasa ahala, sortu dira, baita ere, euskara gorrotatzen duten euskaldunak, azterketaz azterketa eta matrikulaz matrikula hizkuntzarekiko gorrotoa barneratzen dutenak. Bai, edozein ikasketarekin gerta liteke, baina ahul dagoen hizkuntza batekin maiz gertatzen bada, ez da batere seinale ona izango. Soziolinguistika Klusterraren arabera, erabileraren hazkundea nahi eta espero baino motelagoa da, izan ere, hamazazpi urtean 3,4 puntu igo da. Gaztelera, frantsesa eta ingelesa ez dira edozein hizkuntza. Haien indar eta zabalkuntzak oso azkarrak izatera behartzen gaitu, euskara babesteko eta bultzatzeko orduan. Irlandan gaelerarekin gertatu denak argi eta garbi erakusten digu bidea: hezkuntza eta legea ez da nahikoa hizkuntza txiki baten indarra mantentzeko; beharrezkoak dira, baita ere, literatura, telebista, zinea, antzerkia, kirola, prentsa, musika, bertsolaritza... zenbat eta erakargarriago, hainbat hobe. Horrela bakarrik, hemendik urte batzuetara posible izango da jarraitzea esaten Koldo Mitxelenaren esaldi ezaguna: Egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria”.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina