2013(e)ko martxoakren 15(a), ostirala

1967: INFERNUA ZERUAN

Butanoaren leherketa, Santurtzi 1967
Haurtzaroa inor hiltzen ez den erresuma da, Edna St. Vincent Millay olerkari iparramerikarrak idatzi zuenez. 1967. urteko urtarrilaren 17an nik ez neuzkan artean 7 urte beteta. Hala ere, gau hartako oroitzapenek bizi-bizi diraute nigan.
Ez zen hori, ordea, gertaera beldurgarria niretzat. Adin horrekin esaten badizute dena “kontrolpean” dagoela, zuk, sinisten duzu eta kitto.
Berdin dio entzun duzun eztanda ikaragarriak ohetik atera bazaitu. Berdin dio aitona-amonak etxetik agertu badira gauerdian arnasestuka eta inolako azalpen barik. Berdin dio leihotik ikusten dena zeru izartsua ez bada, kristoren suzko bola baizik. Aitak esan dizu ez dagoela izutzeko arrazoirik eta zuk ez duzu besterik behar.
Egun hartan, Santurtziko portuan, butano likidoaz beteriko tren berezi bat lehertu zen. Inguruetako auzoetan bizi ziren 778 pertsona kaltetuak eta 295 etxebizitza erasanda gertatu ziren.
Hildako bat besterik ez zen izan, udaltzainburua, bihotzekoak jota, baina aditu guztien arabera, ezbehar handia izan zitekeen. Suhiltzaileak gau osoan zehar ekinean aritu ziren, CAMPSAren erregai-tanga erraldoiak erre ez zitezen.
Horren arrisku bizia izanda ere, niretzat oso gau zirraragarria izan zen. Hurrengo egunetan, patioko solas guztiak gai berberaz ziren. Umeen irudimena eta etxean entzundakoa kaka-nahaste ederra eraikitzen zihoan gure buruetan. Valerianok, nire aitona maiteak, hondamenaren ondorioak ikustera eraman ninduen. Horrenbeste etxe erreta ikusi ondoren deskalabruaren benetako neurriaz konturatu nintzen.
Baina egun hartan igarri ez nuen beldurra, bost egun geroago ikara handi bihurtuko zen. Igande hartan jende mordo bat zegoen parkean. Urduritasuna agerian zegoen, jendetza artean andre bat zegoen garrasika eta nik jakin nahi nuen zergatik. Inolako erantzunik entzun baino lehen, dena hankaz gora jarri zen. Begi-kliska baino ez zen izango, baina bizi bizian ditut oraindik flash haiek buruan, sirenen hotsak, hankak tirripiti-tarrapata noraezean, eztandak nonahi, uniforme berdedunak, egurra edonon, aitaren esku sendoak lurretik altxatu nauela, amaren atsekabea…
Urteak igaro ziren gertatzen zenaren berri izan arte. Butano instalazioen kontrako manifestazioa zen hura eta “Cifra” albiste-agentziak esanetan: “Grupos de manifestantes empezaron a tirar piedras contra la fachada del Ayuntamiento y contra los policías que habían acudido a disolver la manifestación por lo que se procedió a la detención de algunos alborotadores”. 46 urte pasa dira. Egun hartaz gogoratzen garenon zerrenda ezinbestean laburtzen doa.
1974. urtean beste istripu larri bat gertatu zen inguru hartan. Hildako bat eta 13 zauritu garau-silo bat lehertuta. Kasu honetan ez zen inolako arriskurik izan populazioarentzat, baina aurreko gertaeraren oroipenak egonezina zabaldu zuen berriro hurbileko herrietan. 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat