2013(e)ko apirilaren 24(a), asteazkena

GARAJE SOINUAK

"Bilbao,Mierda, Rock & Roll" diskoaren aurkezpenean bildutakoak
Bilbao, Mierda,Rock & Roll” izeneko diskoaren aurkezpena. Binilo bat alajaina! Diskoan dagoena ere zaharra da. Laurogeiko hamarkadan grabatua, San Inazio auzoko “El Garage” aretoan. Cassete zinta batetik binilora zuzenean. Talde gehienak desagertuak dira:  Zer-Bizio, Viciosa, Baldin Bada, Vulpess, Kortatu, M.C.D., Gazte Hilak, R.I.P., Decibelios, Primitivos... Valentziako diskoetxe txiki batek argitaratua: “Vómito Records” diskoetxeak hain zuzen.  
Bilbo Zaharreko denda txiki batean da hitzordua, “Street Warriors” mitikoan, bere hamargarren urteurrenean. Ostiral batean arratsaldeko seietan. Kolinas, denda-burua, eta diskoetxeko bikotea prest daude ongi-etorria egiteko. Izotz artean zerbeza potez betetako bi balde. Diskoan agertzen garen guztiok gaude gonbidatuta. Ronda kalea “Inserso”ko punk-rockerrez betetzen doa. Baldin-Badako Katu Susperregi eta bere semea (bera baino altuagoa), Vomito taldeko Claus Groten, beti bezain gogotsu, proiektu berriz gainezka. Zer-Bizioko Tomas irribarretsua eta Txabi serio demonio, Bartzelonatik etorritako Decibelios taldeko Miguel, betaurreko beltz batzuen atzean ezkutatuta... aurreko paretatik Begoñako amaren irudiak, kristal batez babesturik eta Txabi Etxebarrietarenak, paretan marrazturik hau, ez dute fitsik galtzen.
Prentsaurrekoan “La Jaula”, “El Garage” eta nola ez, hor bertan hainbeste urtetan zehar zabalik egondako “Gaueko” aretoa mintzagai bizi bihurtzen dira. Denboraren poderioz oroitzapenak nahastu dira erabat, ez da garbi geratzen nori bota zioten botila hori, zein talde jotzen ari zen, polizia egurra banatzen sartu zenean, edota nori bururatu zitzaion su-itzalgailua erabiltzea ekitaldi erdian. Hori bai, garbi geratzen da nolabaiteko aingeru begirale bat izango zela guzti horren atzean, sekula ez baitzen gauza larririk gertatu. Oholtzetatik at bai gertatu zen. Diskoan agertzen direnen artean batzuk ez daude jada gure artean, haiei ere agur eta ohore.Argazkien tartea. Konturatzen garenerako familia ikaragarri handitu zaigu. Abesti zaharrak jarrerak hartzeko lagungarri: “Botas y tirantes”, “Bailaré sobre tu tumba”, “Ratas en Bizkaia”. Ez dakit ni nola ikusiko nauten haiek, baina nik, oro har, lasaiago eta jatorrago sumatzen ditut denak. Atzean geratu da “tipo gogorraren” plantak egin beharra eta jakina, ez da inongo lehia arrastorik igartzen. Gure kalaketan badago lekua gure familiez hitz egiteko eta iraganeko pasadizoak gogoratzeko. Biniloa eskuetan, norbaitek berria bota du: “Ba al dakizue? Orain, nahi izanez gero, hil ostean zure hautsarekin binilozko diskoa egin ahal dizute; zuk kantak aukeratu eta gero 4.700 dolarren truke zure gorpua elepe bihurtzen dute...”. Hor bai, erantzunak bata bestea baino atomikoago... “Benga, goazen aitonaren diskoa entzutera”. “La Espuela” Iturribideko tabernan, Kolinasek gure garaiko harribitxiak pintxatuko ditu Miguel-Decibeliosek eta biok mahai-futboleko “dream-team”a osatzen dugun bitartean. Uf, zuzen zebilen esan hau asmatu zuena: “Siete Calles, sabes cuando entras, no cuando sales”.

 

 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina