2013(e)ko apirilakren 29(a), astelehena

MISTERIOZKO ETXEA




Oskar Alegriaren "Emak bakia" dokumentalaren irudia
Penizilina eta Gazta ketua txiripaz sortu ziren, gizakiak egindako beste hainbat aurkikuntzen antzera. Era berean, Oskar Alegria iruindarrak, ezustean ekin omen zion zinea egiteari, egun batean okerreko botoia sakatu ostean.
Kasualitate hutsa izan omen zen, baita ere, mundu osoan historiako lehen film surrealistatzat hartua denak euskarazko izena izatea: “Emak Bakia” .
Estatu Batuetako Man Ray ezizeneko argazkilari, pintore eta zinemagileak 1926. urtean egin zuen, Lapurdin igarotako sei hilabeteko aldian. Film esperimental hau egitearren, rayografoak, esposizio bikoitzak eta fokatze teknikak erabili zituen. Erritmo biziko hemeretzi minutuko irudi-segida da. Rag-time-aren eta Charlestonaren laguntzaz,  paisaia eta eszena batetik bestera eramaten gaitu autoreak, guda-arteko garaiko fresko bitxi bezain egonezina osatuz.
Kronikek kontatzen zutenez, film laburra estreinatu zenean bi ikusleren artean borrokaldia izan zen. Horietako batek buruko mina ematen ziola oihukatu zuen eta beste batek isiltzeko eskatu zion.
Film honi esker, munduko edozein lekutan edonork surrealismoa ikasten duenean, euskarazko agindu hori erabiltzen du: “Emak Bakia” edo beste era batez esanda “Utzi Bakean”. Bestalde, horren ondorioz, izenburu hori erabili dutenen egitasmo eta ekimenen zerrenda (Interneten egiaztatu daitekeenez) amaigabea da, Italiako “vintage accessoriessaltzetik, Madrilgo musika esperimentaleko talde batera. “Emak Bakia Baita” izeneko argitaletxean, Atxagak, Sarrionandiak eta Ordorikak argitaratu zituzten beren “opera primak”.
Baina zerk eraman zuen Man Ray izen hori aukeratzera? Antza, bi teoria nagusitu dira adituen artean: bata, hilerriren batean irakurriko zuela eta bestea inguruetako etxe baten izena izango zela.
Erantzun baten bila, Oskar Alegria, bere deiturari ohorea eginez, Iparraldeko kostaldera abiatu zen kamara lepoan. Dena alferrik izan zitekeen. Izan ere, ikerketan egunak eta egunak igaro ostean etsi-etsi eginda zegoen. Ez al da izango guztia, kontatzen dutena baino baldarrago? Agian Man Rayk norbaiti entzungo zion esamoldea eta kito, pelikula horrela izendatzea erabakiko zuen.
Baina “Audaces fortuna iuvat” esaten zen Erroma zaharrean eta patua gure zinegile gazte honen alde kokatu zen. Kasualite hutsez “Emak bakia” izandako etxe liluragarria haren bidean agertu zen eta honen atzean dagoen kondaira, haren ametsik ederrenetan ere ez zen gertatuko.
“Emak Bakia” hori, etxea baino askoz gehiago izatea suertatuko da. Ibilbide magiko horretan beste ezusteko aurkikuntza itzel batzuk egingo ditu: besteak beste, pailazoak inoiz ez direla hiltzen, txerriek jateari uzten diotela urdaldeko bat akabatu eta gero, eta zenbait zuhaitzek badakitela txistu egiten.
Errumaniako noble baten biloba etxe horren bila zebilen, Oskar bila zebilen aldi berean, eta txiripaz, haien bideak gurutzatu dira joan den mendeko laburpenik ederrena osatzearren.
Gezurra dirudien arren, pelikula erdia ere ez dizut kontatu. Aspaldi ez nintzen zinema areto batetik horren ongi elikatua irten. Eta bitxiena, ni ere txiripaz ohartu nintzen estreinaldiaz.            
 


2 iruzkin:

  1. Filmak holako argazika baduen ikusgarria izan behar dela. Gazta keatua txiripaz sortu zela? Jaaajaja, yogurra bezala. Ea pelikula aurkitzen badudan.

    ErantzunEzabatu
  2. Oskar berak aurkezpenean esan zuenez, gazta ketua iztripu baten ondorioz sortu zen (kea gehiegi hartu zuenean) . Pelikula delikatessen itzela da.

    ErantzunEzabatu