2013(e)ko maiatzakren 7(a), asteartea

GEZURRA ESATEKO ARTEA



“Nire gaztarotik bizitza itsusia, zakarra eta gaizki bukatutakoa zela ohartu nintzen eta gogo biziz artelan bat bezalakoa izatea desiratu nuen. Zergatik gizakiak eta egoerak ez ziren sekula eleberrietan agertzen direnen antzerakoak? Hala, gezurrik handienez hornitu nuen nire bizitza; banantzeak, maitemintzeak eta porrotak ere, pelikula on baten garapena izan beharko lukete. Azken finean, nintzena baino hobea izan nahi nuen, hori besterik ez”.
Horiek Igor Paskual musikari eta idazle donostiarraren hitzak dira. Bere lehenengo liburuan dira irakurgai. El Arte de Mentir du izena, hain zuzen ere.
Gezurrak gezur, aspalditik  Xixonen bizi den sortzaile honek baditu behintzat egiazta daitezkeen zenbait egindako: “Babylon Chat” glam-rock taldeko gitarra-jotzailea zen, eta haiekin lau disko grabatu zituen. Hamar urte egin ditu Loquilloren “trogloditekin”, eta berriki, bere lehenengo bakarkako bilduma ere argitaratu du. Beste zenbait rocker-enak ez bezala, Igorren kezkak ez dira musikaren eta honen inguruko munduan bakarrik gelditzen. Historian lizentziaduna da, arkeologi lanak egin ditu Jordanian eta bere zaletasunen artean literatura, surfa eta arkitektura daude.
Baina bere liburua horrenbesteren ahotan baldin badago, musika aldizkarietatik at zabaldu izan bada, egunkari onenen kultura-gehigarrietara ohorezko jauzia egiteraino, ez da bakarrik han esandakoagatik. Igor ausartu egin da normalean kontatzen ez diren zenbait gertaera zehatz deskribatzera: gizon eta emakumeekin bikoteka eta hirukoteka egindako sexua, zenbait gaztetxoren ohe-eskaerak, droga ezberdinekin izandako bizipenak, jasan duen jipoiren bat... eta hori guztia hizkuntza bikain menderatzen duela erakutsiz.
“Lo que no tiene morbo es un estorbo” kantatzen zuten Almodovarrek eta McNamarak zinegile mantxatarraren lehenengo filmean. Gehien saldu diren liburuen zerrendak eta telebista-audientzietan tartaren zatirik handiena hartzen dutenak ikusi besterik ez dago, zein zuzen zebiltzan egiaztatzeko.
Bere liburuak zergatik hautsak harrotu dituen galdetu nionean honela esan zidan:
“Alde batetik rockaren miserietan murgiltzen naizelako, eta bestetik, agian hemen ez gaudelako ohituta sexuaz zehatz-mehatz hitz egitera. Egiten dugunean bizitzatik at jartzen dugu eta “literatura erotikoa” deitzen dugu. Horrek ez du zentzurik, azken finean guztia dago guztiarekin erlazionaturik: arkitektura, artea, sexua... nik uste, nire liburuak duen polemikoena beste iritzi batzuetan legoke: terrorismoari, arteari edo erlijioari buruz ari naizenean, esate baterako”.
Hogeita hamazazpi urterekin Igorrek badaki zer den jendetza baten aurrean jotzea Argentinan edo Uruguain. Arrakasta eta porrotaren zapore kontrajarriak dastatu ditu bere musika ibilbidean, eta, bestalde, umeei fardela aldatzeak ez du sekreturik harentzat.
Dena dela, beronek bere liburuaren bukaeran dioen bezala: Hau guztia gezurra dela esango banizu, den-dena aldatuko luke horrek. Ala ez?    


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat