2013(e)ko uztailaren 11(a), osteguna

LAU TEILATU


Itoiz Taldeko lehen formazioa

“Zure keia eskuetan/ putzara batekin putz / Neregana etorriko da/ eta berriz izango gara zoriontsu/ edozein herriko jaixetan”.
Herriko jaiekin batera, gurera datoz berriz plaza-taldeak eta gure ohiko “hit”ak dantzaldiak animatzera eta loaldiak izorratzera egunsenti arte.
Berriki ETB 1en “Ezin dut burutik kendu” izeneko telesaioa ikusteko aukera izan genuen. Froga modura emititu omen zen saio-pilotua eta euskal musikazaleen zorionerako oso emaitza onak lortu zituen. Uda osterako atal berriak iragarri dira.
Orio ekoiztetxeko produkzioan euskal kantagintzan entzunenak izan diren abestien arrastoa segitzen da.  Lehen atal horretan Sarri Sarri eta Xalbadorren Heriotzean ziren aztergai. Testigantzen artean, Unai Gurrutxagak gidatutako saioan, Kortatu taldeko kideenak eta Antton Valverderenak izan genituen. Aipatzeko modukoa Iñaki Pikabearen kontaketa zehatza beraren eta Joseba Sarrionandiaren ihesaren inguruan, Sarri Sarri abestiaren oinarria izango zena.
Telesaioan aipatu zirenen kanten artean, nola ez, Lau Teilatu zegoen. Gaztetako amodio-kanta paregabeak 34 urte bete ditu aurten eta oraindik ez du bere freskotasun izpi bat ere galdu.
“Badirudi Lau Teilaturen patua beste hainbat herri-kantena izango dela. Hitzak oso pertsonalak direnez, jendeak, oso ongi zertaz ari den jakin gabe abestuko du...”. Nahi eta nahi ez, Juan Carlos Perez behin eta berriz bere sorkaririk preziatuenaz mintzatzera beharturik dago. 2008an, Euskadi Gaztea irratiko 30. urteurrenean Mikel Erentxunek eta Amaya Monterok beste moldaketa bat argitaratu zuten, pop kutsu batekin.
Konposaketa honekin errepikatu zen beste horrenbestetan gertatzen den miraria. Abestirik borobilena, poemarik osatuena, herriaren erabaki misteriotsuak hurrengo belaunaldietarako uzten duena, abeslaria bere hasierako pausoak ematen ari denean asmatutakoa da. Gai honen inguruko solasaldi batean, Erentxunek berak horrela zioen: “Aurreiritzi gutxiago dituzunean ausartago izaten zara konposatzeko orduan. Gero zuhurrago bihurtzen zara eta funtzionatu duena errepikatzeko arriskuan eror zaitezke”...
Jose Garate (“Foisis Jauna”) Itoiz taldeko baxuak ere oso azalpen bitxia ematen zuen: “Lau Teilatu eta Juan Carlosen kanta askotan elizan ikasitako kultura musikala nabaria da. Abesbatzan erabiltzen diren armonien eragina hor dago, batzuetan ohartzen ez zaren arren”.
Ukaezina da promozioak eta zenbait multinazionalen kanpainek zerikusi zuzena dutela hit-zerrendak osatzerakoan baina, egia da baita ere, denbora pasa ahala bizirik dirauten konposaketak ez direla beti disko gehien saldu dituztenak.
Belaunez belaun gurekin bizitzera geratzen direnak, nonbait lortu dute zirrararen giltza barneratzea. Nesum Dorma, La Paloma, Dirty Old Town, Ne me Quite Pa, Sympathy for the Devil, Eleanor Rigby, Chan Chan, Sunny, Mediterraneo, Entre dos Aguas, Bizkaia Maite, Smoke on The Water eta beste hainbat... ez dira guztiak guztion gustukoak izango, baina denak izan dira gai denboraren iragazkia zeharkatzeko, beste garai bateko gizakiak hunkitzeraino.










iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina