2013(e)ko azaroakren 4(a), astelehena

AZKEN ATEA


Lou Reed, hil baino ordu gutxi lehenago eskegitako argazkian

Hilerrietan ibilitako egunak. Hildakoen bakartasuna, hotza, hotzikara. Haizea hilobien artetik txistuka. Lore arteko oroitzapenak. Ospeko familien panteoiak, aspalditik ahaztutako hilobi ilunak. Zenbait izen ezagun. Zenbait ezusteko topaketa hilarrietako izenetan. Aspaldiko maisu hori, horren heldua egiten zitzaizuna, orain ikaragarri gazte eta triste, horitutako argazki obalatuan. Marmol gaineko oroigarriak.  Harrizko aingeru moztuak nonahi. Kutsu “abertzaleko” hobiak. “Caídos por Dios y por la Patria”. Modaz pasatako izenak.
 “Heriotzak batzen gaitu” horrenbestetan entzuna daukagu, baina badaude, bai, hildako ezberdinak: antzina ahaztuak geratu zirenak, egunero gogoratuak direnak. Maitatuak diren hilak eta egunero madarikatuak. Bizirik daudela ez dakiten hildakoak, eta hilik daudela ez dakiten bizidunak. Ametsetan bakarrik bizi direnak eta argazkiren batean soilik daudenak. Hildako hasiberriak, oraindik malkoz eta erreguz lagunduta, eta beteranoak, aspalditik bisita gabeak. Badira baita ere hildako ospetsuak, hauts egindakoak, erailak, mitifikatuak, tu egin zaienak, aspalditik birziklatuak, mingarriak.
Hilerriko atearen goi aldean, mezu/mehatxua irakurgai: “Hemen gauden denok hor egon ginen, eta hor zaudetenok, hemen egongo zarete gutxien espero duzuenean”. Ez dauka sinadurarik, baina argi dago ez dela lurperatu baten idazlana, bizirik zegoen gizatxar batena baizik. Dena dela ez du gezurrik esaten. Hilerriek eta hileta elizkizunek sarri oihu egiten digutena zera da: aprobetxatu! Gaur zure azken eguna izan daiteke! Bizitzak eskaintzen dizkizun plazerez bapo gozatu! Inoiz ez zara gaur zaren baino gazteagoa izango!  Baina begiratu, agian kanposantuko ateko mezulari malapartatu berbera izango da aholku horiek asmatu zituena, bizitzaren gozamenak, gehiegitan, biziaren laburtzera eramaten gaitu eta.
Zenduen zerrenda oraintsu gehitu dutenen artean Lou Reed daukagu. Berlin, Transformer eta Rock & Roll Animal liluragarriak, besteak beste, asmatu zituenaren agur esateko era ere berezia izan da. Duela gutxi gibela aldatu ziotenean hilzorian izan omen zen. Hirurogeita hamaika urte beteta izanik, gertatu zitzaiona zitekeenaren barruan zegoen. Hil baino hiru ordu lehenago, alboko argazkia eskegi zuen sare sozialetan. “The Door” zen laguntzen zion mezu bakarra.
Ate batetik munduratzen gara bakardadean eta beste batetik (irudizkoa hau) joan. Betidanik izandako jarreraren ildotik, bizidunen mundutik at abiatzeko aparteko maila erakutsi du gizon honek. Hor utzi dizkigu bere kantak, bere hitzak eta bere zuzenekoak, baina agian, horren guztiaren gainetik gure baitan geratuko dena haren parerik gabeko estiloa da.
Heroin abestian kantatzen zuenez: “Hozkada eragiten hasten  denean/ Orduan berdin zaizkit hiri honetako txotxongiloak/ Denek denak bota nahian/ Eta politikari guztiak oihu zoroetan/ Eta gorpu guztiak hilerrietan pilatuak”. “Hozkada” horiek oso gaztea bere bizitzaz beste eginarazteko zorian egon ziren. Beste askok ez bezala, Louk lortu zuen garaiz zaldia aldera uzten, baina nolabait ere, aldean eraman behar izan ditu ondorioak bukaera arte. Baina gogoan izango zaitugu Lou, zuk poster horretan aukeratu duzun moduan: tente, harro, serio eta estilotsu. Atearen bestaldean bakea aurki dezazula.







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat