Euskal Herriaren erdialdean Goiate izeneko herria dugu. Inork
ez du espero, baina gaur ezusteko ospea lortzear dago, independentziaren pizgarria
izango dela eta.
Inguruko hainbat herriren antzera, Goiate ez da oso
handia, ez eta txikia ere. Ez da baserritarren herrixka, baina oraindik ere
zenbait baserrik bizirik dirau bertan, iraganaren lekuko.
Fermin Etxegoien |
Bere aita bezala, Bixen, harakina da Goiaten. Lan
honetarako kristina, emaztearen laguntza
dauka eta luzaroan elkarrekin lan egin dutenez elkarri begiratzea besterik ez dute
behar elkar ulertzeko.
Bixen zoriontsua izatetik hurbil dagoen gizasemea dela
esan genezake. Emaztea eta nerabezaroan dauden bikiekin gustura bizi da eta bai
lana, bai herria, erabat gustuko ditu, nahiz amaginarrebarekin harremanak
horren onak ez izan eta semeen bihurrikeriek burukominen bat sorrarazi.
Bixen, harakina ez ezik, zinegotzia ere bada. Azken
udal-hauteskundeen ondorioz bere alderdia, “eskuineko alderdi abertzalea”,
hogeita hamahiru urtez alkatetzaz zein diputazioaz jabetu ondoren, oposiziora
pasatzera behartu dute.
Izan ere Goiateko udalean izan da, bai, zenbait maltzurkeria,
baina konparatzerik ez Marbellan eta horrelako udaletxeetan izandako ustelkeriekin.
Demagun legea ez dela bortxatua izan, noizbehinka “driblatua” baizik, izandako
agintarien aldetik.
Baina azken bolada honetan dena hankaz gora jarri da eta printzipioz oso
berri ona izan zenak -ETAren su etena- zenbait
ondorio zakar ere ekarri dizkio Bixeni. Gaur bertan, esate baterako,
Ertzaintzak koartelera eraman ditu bikiak, liskar batean esku hartu dutelako.
Ikasleek antolaturiko independentziaren aldeko manifestazioan izan da eta
aitaren alderdiari “fatxa” eta “ustela” deitu omen diote oihuka udaletxe
aurrean. Atzo, aitaren alderdiak ez zuen babestu ezker abertzaleko mozioa,
independentziaren aldekoa.
Baina hori ez da okerrena. Arazo burokratikoak direla
medio, gaur Guardia Zibila gure Bixenen atzetik omen dabil, legez kanpoko bozketa
batean parte hartzeagatik, eta horrek, erabateko astindua eragin du
zinegotziaren oinarrizko sentipenetan.
Esan bezala, gaurko eguna Euskadiren independentziarena
izango da. Bixenen papera ezinbestekoa izango da eta ezer ez da berdin izango
aurrerantzean.
Arestiko gertakizunetik abiatuta, Fermin Etxegoien
idazleak Zinegotzia eleberria idatzi du. Era honetan irakurlearen
egonezinari eustea nahi izan du, egun bakar batean, harakin-zinegotziak
independentzia nola demontre lortuko duen
jakiteko zain. Baina erronka horretaz gain, nobela hau ETA-osteko euskal
gizartearen isla zuhurra da, batez ere indar abertzaleak jabe diren esparruetan.
Eta badauka baita ere irakurketa kezkagarriagorik. Egun
batetik bestera, lagunak ziruditenak desagertu dira, zure segurtasunerako lan egiten zutenak zu atxilotzeko dituzu etxeko atarian. Zure
alderdikideek ere ez dute telefonoa hartzen eta zure bizimodu lasaia osatzen
zuen guztia, hankaz gora jarri da, zuk hori merezi izateko aparteko ezer egin barik. Ez dugu ahaztu
behar, horrelakoak gertatzen dira. Ez dago urrutira joan beharrik, hemen
gertatu baitziren horrelakoak gerra garaian. Denbora pasa ahala hiritarren iritziak
gaindiezinezko oztopoak aurkitzen ditu aurrera jotzeko eta orduan, benetako
botereak “stop” esaten du. Norbaitek “elefanteak” bidaltzeko ordua heldu dela
erabakitzen du eta demokrazia sine die aparkatua geratzen da. Demokrazia:
Erabat lortuta dagoen zerbait sekula izan beharko ez lukeen helburua.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina