2013(e)ko abenduaren 26(a), osteguna

ISPILUAREN AURREAN


Mota guztietako poliziak batuz, mila biztanleko 6,8 agente dugu Autonomia Erkidegoan

Balantzeak egiteko garaian gaude. Beste urte baten mugara hurbiltzen garenean, komenigarria da ispilu aurrean soseguz kokatzea eta zer aurpegi mota daukagun aztertzea. EUSTATen, Emakunde-ren eta Estatistika Institutu Nazionalaren datuen laguntzaz. Aurten gurean jaiotako mutikoa ia 79 urtez biziko da, eta ezkontzeko probabilitatea % 49 izango du. Neskato jaio berriak 85,4 urteko bizi-itxaropena du, ezkontzeko probabilitatea % 54 pasatxo eta haur bakarraren ama izango da. Bai bata, bai bestea helbidez 8 aldiz aldatuko dira bizitzan zehar. Orain hogeita hamabost urteko adierazleak ikusita, bizi-itxaropena 8,5 urte hazi da emakumeentzat eta 9,3 gizonentzat. Sexu bereko gizakien artean 150 ezkontza ospatu ziren iaz EAEn, hauetatik 68, gizonen artean, eta 72, emakumeen artean. Ohiko ezkontzei dagokienez kopurua urtetik urtera doa jaisten: 2000. urtean 10.735 bikote ezkondu ziren, 2006an 9.371 eta 2012ko urtean 7.341. Bitxikeria bat: gizonezko alargunak emakumezkoak baino gehiago ezkontzen dira berriro (69/41), baina dibortziatuen artean, emakumeek gehiagotan errepikatzen dute: (709/745) . EAEko ugalkortasuna txikia da oraindik ere, inguruko herrialdeetakoarekin alderatuz gero. 2011n batez bestekoa 1,3 haur zen, Europako batez bestekoaren (1,57) azpitik. Bestalde 2010ean haurra izan zuten emakumeen % 32,8 ez zegoen ezkonduta, eta horrek duela 15 urteko kopurua hirukoizten du. Euskadin ama atzerritarren jaiotzak goranzko joera du. 1996an % 2 ziren ama atzerritarrak, eta 2011n, berriz, % 14 baino gehiago. EUSTATen arabera gure langabezia-tasa % 14’8koa da azken hiru hilabeteetan. Azken bi hamarkadetan, emakumeen okupazio tasa 11 puntu igo da portzentajean eta gizonena, aldiz, ia 5 puntu jaitsi da. Aldea 13,7 puntukoa da oraindik gizonen alde... Unibertsitatean matrikulatutako ikasleriaren % 54 emakumeak dira, eta gizonak, aldiz, % 46. Osasunaren Zientzietan ikasten dutenen hiru laurdenak emakumeak dira, eta Ingeniaritza edo Arkitekturan, aldiz, gizonak dira lautik hiru. Emakumeen % 91,6k eta gizonen %93,3k adierazten dute ez daukatela osasun arazorik. 2007an jasotako azken datuen arabera, Euskadin, 10 emakumetik 8k ez du erretzen (% 76,4), eta gizonen kasuan, aldiz, 10etik 7k (% 67,2). Nolanahi ere, populazioaren laurdena erretzailea dugu. Mota guztietako poliziak batuz, mila biztanleko 6,8 agente dugu Autonomia Erkidegoan. Espainiako kopurua 3’71koa da. Gure kopurua handienen artean dago Europa mailan, Grezia eta Ziprek bakarrik dituzte antzeko datuak. Euskal Autonomia Erkidegoa bigarrena da Europa mailan banda zabalaren erabilerari dagokionez, Alemaniaren atzetik. Telefonica-ren datuen arabera, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako populazioaren % 95ak banda zabala dauka bere etxean; mundu mailan bederatzigarren postuan kokatzen gaitu. Internet erabiltzen duten biztanleen kopurua azken hiru hilabeteetan % 65’8 da. Ateratako argazkiari, jakina, hazpegi ugari falta zaizkio. Izan ere zirriborroa besterik ez da. Baina ziur aski niri gertatu zaidan legez, daturen batekin sorpresa galanta izan duzu. Dena den, honelakoetan beti Mark Twainek idatzita utzi zuena gogoratzea komenigarria da: “Hiru motatako gezurrak daude: Gezurrak, gezur madarikatuak eta estatistikak”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina